Gari Lizarraga zumarragarrak 1980ko hamarkadako Realaren abesti ezaguna berreskuratu du
Gari Lizarraga trikitilari zumarragarrak 1980ko hamarkadan oso ezaguna egin zen Realaren abesti bat berreskuratu du: Imanol Urbieta zarauztarrak sortutako Gure nortasuna abestia. “Aspalditik nuen buruan abesti hori grabatzea. Realak Kopako finala jokatuko duenez eta nire lehengusu Lander Astiazaranek Sansen jokatzen duenez, une egokia orain dela pentsatu dut eta lau egunetan grabatu dut. Kanta guztiz gogoratzen ez nuenez, hitzak nik idatzi ditut”.
Zazpi musikarirekin grabatu du: Iñaki Larrañaga (panderoa eta irrintziak), Urki Muñoz (txalaparta), Jokin Calvo (txalaparta), Julen Leuza (atabala eta dultzaina), Juanma Urriza (bateria), Txitxarro (baxua) eta Markos Txurruka (gitarra eta ahotsa). Teknikari lana Asier Zabalzak egin du.













