Legazpiko dantzariak gipuzkoar aurresku txapelketarako prest
Sustraiak dantza taldeko zazpi dantzari gazte arituko dira larunbatean Latxartegin. Ataungo dantzari batek ere parte hartuko du. Musika, Goiz Deiako txistularien esku
Aurresku doinuek Latxartegi aretoa beteko dute larunbatean, bertan jokoan hasiko den Gazteen Gipuzkoar Aurresku Txapelketaren hirugarren edizioarekin. Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, 16:30ean hasiko da.
Txapelketaren ligaxkako lehen saioa izango da Legazpin jokatuko dena. Sustraiak dantza taldeak eta Legazpiko Udalak elkarlanean antolatu dute ekitaldia, eta Goiz Deia txistulari bandako kideen laguntza ere izango dute.
Larunbateko saioan 2010 eta 2006 urte bitartean jaiotako 39 dantzari arituko dira, adinen arabera bi sailetan banatuta. Guztiek bina dantza egin beharko dituzte, txistularien doinuek lagunduta. Gazteenek, edo B sailekoek, Erribera eta Zortzikoa dantzatu beharko dute, eta D sailekoek, Ehun Dukat eta Aurkez Aurke edo Desafioa dantzatu beharko dute, azken biren artean bat aukeratuta.
Epaimahaia Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko hainbat partaidek osatuko dute.
Legazpiko zazpi dantzari
Guztira 39 dantzari arituko dira lehian: B saileko 19, eta D saileko 20. Guztiak gipuzkoarrak dira, eta horietako zazpi, legazpiarrak, Sustraiak dantza taldeko harrobikoak. B sailean arituko dira Ekain Maniega, Irune Azpeitia, Laia Arruabarrena eta Maria Sanchez, eta D sailean Amaia Azpeitia, Naroa Sanchez eta Markel Garmendia. Garmendia finalerako sailkatu zen iazko edizioan. Goierriko beste dantzari bat ere arituko da, D sailean, Ataungo Aetz San Sebastian.
Gainerako dantzariak Elgoibar, Lezo, Pasaia, Amasa-Villabona, Zizurkil, Amezketa, Andoain, Mendaro eta Lasarte-Oriakoak dira.
Ikusleentzako edukiera mugatua denez, sarrerak eskuratzeko 15:30ean irekiko dute Latxartegi aretoko leihatila. Ateak, berriz, 16:15ean irekiko dituzte.