Bikuña kiroldegiak bat egin du Mugiment txartelaren proiektuarekin
Irailean egongo da erabilgarri txartel birtuala. Bikuñako abonatuek txartela duten beste 55 udalerrietako instalazioak erabili ahal izango dituzte. Ez du koste gehigarririk
Jon Redondo Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kiroletako zuzendariak, Iñigo Imaz kirol zinegotziak eta Koldobike Olabide alkateak akordioa sinatu ondoren, Mugiment kirol txartel birtuala erabilgarri izango da Legazpin irailetik aurrera. Sinadura ekitaldia atzo goizean egin zuten udaletxeko udalbatza aretoan.
Legazpiko Udalak ekainaren 14ko gobernu batzordean erabaki zuen Mugiment ekimenera atxikitzea, Olabidek adierazi zuenez, eta horrek «onura asko ekarriko dizkie kiroldegian urteko abonua duten herritarrei».
55 herrietako instalazioak
Izan ere, Bikuñako bazkide izateagatik ordaintzen duten kuotaren truke, Mugiment txartela duten beste udalerrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte abonatuek.
Redondok azaldu zuenez, egitasmoaren hasiera 2017an kokatu behar da, Bizkaiko Ezkerraldean landu zen proiektu pilotuan; jarduera fisikoa bultzatuz «gizarte aktiboa» sortzeko helburuz jarri zen martxan. Proba arrakastatsua izan zen, eta gaur egun Erkidegoko 55 herritara zabalduta dago txartelaren erabilera. «Helburua da hurrengo urterako abonatuen sistema daukaten 95 herrietara zabaltzea Mugiment txartela».
Herri bakoitzak autonomia du txartelaren erabilera kudeatzeko, eta ordutegiak edo jarduerak mugatu ditzake, «horrela, Legazpiko instalazioen erabilerarako legazpiarrak lehenestea posible da, adibidez».
Bikuña kiroldegian
Imazek, azkenik, gogoratu zuen txartela erabili daitekeen 55 herrietan 90 instalazio desberdin daudela, eta 850etik gora jarduera dituztela eskura atxikituta dauden 21.000 abonatuek.
«Telefono aplikazio bat da, txartel birtuala, eta hori izatea nahikoa da». Legazpin irailean jarriko da martxan.
Kirol ikastaroetan izena emateko epea ireki dute
Udaleko kirol zerbitzuak jakinarazi duenez, ekainaren29ean amaitu zen 2021ko irailetik aurrera kiroldegiko ikastaroak emateko eskaintzak aurkezteko epea. Ikasturte berrian lehengo eskaintza bera mantentzeko ahalegina egin dute, baina esleipenetan aldaketak izan direnez, ikastaroetarako matrikula epe berria ireki dute.
Ikasturte berrirako eskaintza honako hau da: pilates,GAP, soinketa, 65 Plus, igeriketa, ziklo indoor eta yoga. Egute-iak eta ordutegiak zehaztuta daude dagoeneko. Igeriketa ikastaroetan abonatuek izango dute lehentasuna, eta gainontzekoetan aurretik matrikulatuta zeudenek eta baja eman ez dutenek. Izena emateko www.legazpi.eus web orrialdera jo behar da, edo Bikuña kiroldegiko harrerako telefonora deitu, 943 73 12 43. Izena emateko azken eguna irailaren 1a da igeriketarako, eta irailaren 10 beste ikastaroetarako.