Legazpiraino iritsi da migrazioaren alderdirik ilunena eta krudelena
Herrian bizi den Mor Mbathie senegaldarraren anaia Ndiogou hil berri da Gibraltargo itsasartean. Maip Diop lehengusuak eman ditu heriotzaren xehetasunak. Senegalera eraman nahi dute

Gibraltargo itsasartean gertatu den tragedia baten berri eman zuen atzo GOIERRIKO HITZAn argitaratutako eskelak. Senegalgo gazte batek bizia galdu du Espainiarako bidean, Maroko aldeko itsasertzean. Heriotza horrek Legazpin ere izan du oihartzuna, herrian bizi diren Mor Mbathieren anaia eta Maip Diopen lehengusua zelako hildakoa.
Ndiogu Mbathie zuen izena, eta Niomre herrian 1998ko abuztuaren 10ean jaioa zen. Lau senideetan hirugarrena zen. Mor da Legazpin bizi den bakarra, eta «lur jota dago, hurbilekoenen berotasunik gabe», herrian dituen lagunek adierazi dutenez. Maip lehengusua «lasaiago» dago, eta horrek egin du gertatutakoaren kontakizuna.
«Harrituta gaude. Ni Senegalen egon nintzen irail-urrian, eta berarekin egon nintzen. Ez nekien hona etortzeko asmorik zuenik, ezta bere anaiak ere!».
Pateran, beste tragedia bat
Joan den astean izan zuten haren berri azkenik, Maipen arrebak Internetera igotako argazki baten bidez. Gerora, Senegaldik atera eta Marokon zegoela jakin zuten, baina handik gutxira galdu zuten harremana, «ez zien gure telefono deiei erantzuten».
Larunbateko bazkalondoan jakinarazi zieten hilda zegoela. «Ez dakigu ondo zer gertatu den. Nonbait, itsasoan hiru egunez noraezean ibili ondoren Marokoko salbamenduko itsasontzi bat joan zitzaien laguntzera, eta patera uzterakoan, barrenean bi gorpu geratu ziren, horietako bat Ndiogurena. Hotzak, gosez eta nekeagatik hil zela uste dugu».
Marokon dago gorpua, eta Senegalera bidaltzeko «paperak egiten» ari dira, eta dirua biltzen. «Europan bizi garen senegaldarrok elkartasun kutxa baten moduko bat dugu, eta bakoitzak jartzen dugun diru apurrarekin ordaintzen ditugu horrelakoak».
«Hau ere oso gogorra da»
«Horrelakoak» behin eta berriz gertatzen ari dira, «askotan!», dio Maipek, duela lau urte galdu zuen lagun mina gogoratuz, «inork ez daki non dagoen!». Hala ere, Senegalgo gazteek Europara etorri nahi dute oraindik. «Senegalen badago lana, batez ere nekazal arloan, baina gutxi irabazten da. Europan gaudenok esaten diegu hau ere oso gogorra dela, baina hura baina hobea dela uste dute». Hemen, lau urteko egonaldia egin arte ez dute «paperik» lortzen, eta gero urte beteko kontratua lortu behar dute. «Oso zaila da!».
Maipek, zorionez, baditu behar dituen baimen guztiak, baina lan bila dabil. Legazpin lau urte daramatza, Italiatik etorrita. Italiara iristeko bost hilabete behar izan zituen, eta Libiatik abiatuta, bi egun egin zituen pateran, «oso esperientzia txarra izan zen, baina zortea izan nuen, bi eguneko bidaia oso motza da».
Mor ere Italiatik etorri zen, baina abioiez iritsi zen, bisa batekin. Biak gustura bizi dira Legazpin, eta herritar batzuen aldetik jasotzen duten babesa eta elkartasuna eskertu nahi dute.