Lazkaoko Udalak bertan behera utzi ditu urtarrilerako antolatutako ekitaldi guztiak
Aurrez jakina zen Erregeen desfilerik ez zela egingo, baina gaur iragarri duenez Astotxo eguna eta Joxan Artzeren omenezko kantaldia ere ez dira egingo, COVID-19 kasuen gorakadagatik. Herriak 5.149 kasuko intzidentzia metatuaren tasa dauka.
Lazkaon ez da ekitaldirik izango 2022ko urtarrilean. Udalak gaur arratsaldean jakinarazi du bertan behera utziko dituela iragarritako eta antolatutako “ekitaldi guztiak”. Lehengo astean aurreratu zuten urtarrilaren 5eko Hiru Erregeen desfilerik ere ez zela izango. San Silbestre kros herrikoirik ere ez zen egin, Urtezahar eguerdian.
Etxeetara banatutako kultura-agendaren arabera, honakoak dira bertan behera gelditu diren ekitaldiak: Zua Hitz Ez ikuskizuna (gaur, astelehena, 17:00etan zen Areria), Erregeen desfilea (urtarrilak 5, asteazkena), Astotxo eguneko asto lehiaketa eta erakusketa (urtarrilak 9, igandea; ‘Egiptorako ihesa’ antzezpenik ez zela izango aurreratu zuten abenduan), Joxan Artze oroitzeko Kantakaren kantaldia (urtarrilak 9, igandea).
Osasun Sailak gaur argitaratu duen txosten epidemiologikoaren arabera, Lazkaon COVID-19 kasuen intzidentzia metatua 5.149,15ekoa da. Azken zazpi egunetan –abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra– Lazkaon 207 positibo gehiago zenbatu ditu Osakidetzak.