Alejandro Franco garaile Santikutz Klasikoan
Alejandro Franco txirrindulariak irabazi du Legazpiko Santikutz Klasikoa. Azken pedal kolpean gainditu du Davide Piganzoli; hirugarren helmugaratu da Viacheslav Ivanov. Alex Diaz urretxuarra izan da lehen euskalduna, zortzigarren.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/05/p1280398-1200x800.jpg)
Bi txirrindulariren arteko esprintean erabaki da Legazpiko Santikutz Klasikoaren 88. edizioa. Alejandro Franco valladolidarrak (Gomur-Cantabria Infinita) eta Davide Piganzoli italiarrak (Eolo-Kometa) azken kilometroak lasterketa buruan egin ostean, batera heldu dira Legazpiko kale nagusira. Piganzolik urrunetik hasi du esprinta eta, azken unean, Francok aurre hartu dio. Hirugarren postuan, Viacheslav Ivanov errusiarra (Team MP Group) helmugaratu da.
Alex Diaz urretxuarra ( Baque Cycling Team) ere protagonista izan da Legazpiko lasterketan. Behin pelotoiak eguneko ihesaldia harrapatu duenean jo du aurrera urretxuarrak eta Kirtenbergeko aldapan (Legazpitik Atagoitiko gainera doan bide pikoa) bakarrik geratu da lasterketa buruan. Aztiriko igoeran, ordea, onenen taldetxoak irentsi du. Orduantxe egin dute aurrera Piganzoli eta Francok. Bitartean, atzeko taldean joan da Diaz eta helmugan zortzigarren postua eskuratu du. Horrela, lehen euskalduna eta lehen gipuzkoarraren sariak ere jaso ditu helmugan. Atzo, Lazkaoko proban, hamaikagarren postua lortu zuen. Bertan bigarren helmugaratu zen Xabier Berasategi olaberriarrak (Laboral Kutxa), gaur, erorikoa izan du Gabiriako jaitsieran. Ezin izan du lasterketa amaitu, baina ez du lesio larririk.
- Azken pedal kolpean garaitu du Francok Piganzoli. / A.Garmendia
- Diaz urretxuarra lehen euskaldunaren saria jasotzen. / A.Garmendia
Telleriarteko Txirrindulariak Elkarteak antolatutako proba Espainiako Koparako puntuagarria izan da, baina ez du aldaketarik ekarri sailkapen nagusiko lehen postuetan. Elite mailan, Andoni Lopez de Abetxuko (Caja rural-Alea) arabarrak jarraitzen du lehen postuan eta, 23 urtez azpikoetan, Francisco Muñozek (Eolo-Kometa). Bestetik, bigarren mailako sailkapenetan, Jorge Galvez (Globalia – Zamora Enamora) nabarmendu da. Eguneko ihesaldia baliatuz, mendiko zein tarteko helmugetako sariak irabazi ditu. Talde onena Eolo-Kometa izan da.
Sailkapena:
1 Alejandro Franco (Gomur – Cantabria Infinita) 04:01:32.000
2 Davide Piganzoli (Eolo – Kometa) 04:01:32.000
3 Viacheslav Ivanov (Team MP Group) 04:01:45.000
4 Fernando Tercero (Eolo – Kometa) 04:02:38.000
5 Antonio Eric Fagundez (Aluminios Cortizo) 04:02:52.000
6 Lucas Towers (Previley Maglia Coforma Bembibre) 04:04:06.000
7 José Marin (Telco’m – On Clima – Oses) 04:04:06.000
8 Alex Diaz (Baqué Cycling Team) 04:04:06.000
9 Guillermo Thomas Silva (Previley Maglia Coforma Bembibre) 04:04:24.000
10 Daniel Cavia (Eiser – Hirumet) 04:04:32.000
11 Enekoitz Azparren (Laboral Kutxa – Fundacion Euskadi) 04:04:32.000
12 Cristobal Ramirez (Previley Maglia Coforma Bembibre) 04:04:34.000
13 Sergio Chumil (Aluminios Cortizo) 04:04:38.000
14 Jorge Gutierrez (Lizarte) 04:04:38.000
15 Ferran Robert (Valverde Team – Ricardo Fuentes) 04:04:38.000