Goierriko Kontseilu Sozialistak langileria eta sozialismoa batzeko deia egin du
Goierriko Kontseilu Sozialistak Maiatzaren 1eko manifestazioa egin du Beasainen. Langileria kapitalismoaren "krisialdi kronikoaren albo-kalteak" pairatzen ari den honetan, langileei deia luzatu diete sozialismoari "nork bere ekarpena egiteko".
Arratsaldeko seietan ekin dio Goierriko Kontseilu Sozialistako maiatzaren 1eko manifestazioari. Besaingo Bideluze plazatik abiatu dira, handik geltokiraino joan eta Nafarroa Etorbidean eta Kale Nagusian zehar udaletxe aurreraino itzuli dira. Bertan, Loinazko San Martin plazan egin dute amaierako ekitaldia.
egungo krisialdi ekonomiko “kronikoan” langileriaren egoera ez dela batere atsegina azaldu dute bertan. Gainera, ezker parlamentarioak “ganorazko ezer” egiten ez duela ere salatu dute. Horregatik, “gizatasuna eta ongizate unibertsalak berreskuratzeko baldintza” gisa sozialismoa aldarrikatu dute.
XX. mendearen amaieran sozialismoak porrot egin izanagatik, ez dute uste alde batera utzi behar denik. Kontrara, porrot egin zuenez, “eraikuntza ekonomikoa bukatu gabe” geratu zela azaldu dute eta orduan jardun zuten militanteen “lekukoa” hartzera dei egiteko baliatu dute maiatzaren 1a. Amaitzeko, langilea zein sozialismoa elkartu beharraz mintzatu dira eta langileriari zuzendu zaizkie: “Bakoitzaren gaitasun eta ahalmenak kontuan izanda, nork bere ekarpena egiteko deia luzatzen dizuegu”.
Hurrengo igandean, maiatzaren 8an, Goierriko Kontseilu Sozialistak beste hitzordu bat du. Euskara bidegurutzean hitzaldi-eztabaida saioa antolatu dute ordurako. Urretxuko gaztelekuan izango da, arratsaldeko seietan.