Errimekin herriak lotzen
Potto eta pottokumeak taldeak irabazi du Herrimatuz Goierriko Taldekako Bertso Txapelketa. Beasaingo Arranon jokatu da finala, taberna bete jende zela. Gazteak nagusi entzuleen artean
Maiatzean zehar Legorretan, Seguran eta Ordizian kanporaketa bana jokatu ondoren, ostiral gauean jokatu zen Beasaingo Arranon Herrimatuz Goierriko Taldekako Bertso Txapelketa. Goierriko Bertso Eskolaren sorreraren 40. urteurrenaren harira antolatutako txapelketa izan da.
Hiru talde aritu ziren nor baino nor Mikel Urteaga beasaindar gai-jartzailearen esanetara. Yeaah taldea (German Urteaga beasaindarra, Lander Arizmendi ordiziarra eta Odei Lopez legorretarra), Bertso Olariak (Ane Beloki, Jone Narbaiza eta Lierni Ugarte legazpiarrak) eta Potto eta pottokumeak (Aratz Igartzabal eta Patxi Ormazabal gabiriarrak, eta Mikel Etxezarreta olaberritarra).
Iragarritakoa baino ordu erdi beranduago hasi zen finala, 23:00k aldera, eta ordu eta erdi inguru iraun zuen. Hasierako eta bukaerako agurrez gain, bederatzi ariketa osatu behar izan zituzten bertsolariek: kantatu gabeko errima erronda; puntuka errima emanda; Habanera elkarrekin; Objektu banari bertso bana; Ofiziotan zortzi txikian; bukaera emanda; Objektu ezkutua; Pasahitza; eta Potokumeak.
Taberna bete jende jokatu zen finala —horietako asko gazteak—, eta publiko artean zeuden epaileek ebatzi zuten Potto eta pottokumeak taldekoak aritu zirela ondoen bertsotan. Sari modura, Arranon otordu bat irabazi dute.
Hogeita zazpi bertsolari
Finalean aritu ziren bederatzi bertsolariez gain, beste hemezortzik parte hartu dute Herrimatuz txapelketan: Azken hondarrak (Eneko Araiztegi, Mikel Tapia eta Iñaki Rezusta); De Guays (Sara Bidarte, Irati Sanchez eta Beñat Torres); Poto-lis (Aratz Lasa, June Aiestaran eta Itoitz Urkiola); Iparra-Hegoa (Itziar Mendia, Oihane Gurrutxaga eta Jon Elorza); ZUbertsotan (Mikel Iturriotz, Antton Fernandez eta Uxue Fernandez); eta Altza porru (Maide Garmendia, Eneko Etxeberria eta Hodei Munduate). Lehia baino, bertsotan gozatzea eta elkar laguntzea izan du helburu Herrimatuzek, baita herrien arteko loturak sendotzea ere errimen bidez.













