Peter Pan hazi egin den urtea
Errealitatea eta Sekula Betiko Lurraldea Usurbeko banbalinek bereizten dituzte. Peter Pan eta Txilintxo ikusleen artetik irten eta fantasiazko munduan murgildu dira
Beasaingo Ballet eskolako dantzariek Peter Pan ikuskizuna taularatu zuen atzo, ikasturteari ginga jartzeko. Usurbe Antzokia Sekula Betiko Lurraldea bilakatu zuten, argia, musika eta dantza protagonista dituen fantasiazko mundu bat. «Ez dugu ballet klasikoa bakarrik lantzen. Dantza garaikideak ere txertatzen ditugu gure ikuskizunetan», azaldu zuen Irantzu Gonzalez irakasleak. Musika elektronikoa, Gatibu, Nogen… dantzatu zuten.
Peter Panek beti hamar urte ditu. Ez da sekula hazten. Baina Beasaingo ballet ikasleek sekulako garapena izan dutela azaldu zuen Irantzu Gonzalez irakasleak. «Ballet eskolaren ardura hartu duguneko lehen urtea izan da. A ze urtea: maskarekin hasi ginen eta txalo artean amaitu dugu».
Gehienak ikasleen gurasoak edo hurbilekoak ziren. Pandemia garaian ikuskizunak mugatuta egin ostean, behar bezala gozatzeko gogoa zutela aipatu du batek. Egiari zor, Sekula Betiko Lurraldean palomita usaina dago.
Dantzariek ere gozatua hartu zuten. Hasieran urduri zaudela aitortu arren, «oso ondo» pasa zutela esan zuten.
Ia 40 ikasle izan dituzte aurten. «Balleta modan? Ez dakit. Baina umeei asko gustatzen zaie mugitzea eta beti du arrakasta», aipatu zuen Gonzalezek. Datorren ikasturtean taldea haztea eta gizonezkoak izatea espero dute.
Denek hartu zuten parte atzokoan; Altsasutik (Nafarroa) etorritako talde batek ere bai: aurreko astean Goierritik Nafarroara talde bat joan zen eta oraingoan alderantzizko bidea egin zuten. «Bi taldeak kidetuta gaude eta giro ona dugu», nabarmendu zuen Gonzalezek. Altsasuarra da bera eta zubi lanak egiten ditu.