Ordiziako Belar-Xenda, hasierako urratsetan
Ordiziako Jabekuntza Eskolan du jatorria pixkanaka bidea egiten ari den Belar-Xendak. Sendabelarren munduan sakontzen eta arakatzen jarraitu nahi dute.

Ordiziako Jabekuntza Eskolan azken bi ikasturteetan Clara Gutierrezekin sendabelar ikastaroa egin dutenek, sendabelarren mundu miragarrian sakontzen eta aberasten jarraitu nahi dute. Elkartzen jarraitu eta elkarrekin gozatzen jarraitu nahi dute, Belar-Xenda izena jarri dioten taldearen bidez. Barrena jauregiko atarian jarri duten sendabelar erakusketa izan da jendaurrean egin duten lehen ekintza.
Glori Gonzalezek eta Maite Riañok azaldu dute zenbait landarek zertarako balio duten ikasi dutela: «Landare pila bat ditugu inguruan, eta izena eta abizena daukate. Horietako batzuk zertarako balio duten ikasi dugu». Ukenduak, oleatoak, hidrolatoak… egiten ere ikasi dute, «landare horiei errendimendua ateratzeko modu desberdinak». Hogei-bat lagunek hartu dute parte ikastaroetan. «Mantendu nahi dugu taldea. Talde anitza da, adin eta jatorri desberdinetakoak».
Sendabelarren munduan murgiltzeko lehen urratsa egin dute, baina aurrerago joan nahi dute. «Ez bakarrik guk ikasi duguna transmititzeko, baita ere jasotzeko. Badakigu landareen inguruan oso kultura sakona dagoela jendearengan sustraitua. Batez ere, aurreko belaunaldietan, eta galtzen ari den zerbait da. Talde bat sortu nahi dugu, toki finko batean, landareen ezagutzan sakontzen jarraitzeko eta baita ere, jasotzeko besteen errezetak…», dio Gonzalezek.
Toki finkoa
Hori bai, horretarako guztirako, «toki finko» bat edukitzea ezinbestekoa da. «Garrantzitsua iruditzen zaigu toki bat edukitzea, jendea biltzeko aukera edukitzea, eta antolatzeko irteerak belarren ezagutzarako… Adibidez, Barrenako atarian erakusketa jarrita eduki dugun bitartean ikastolako bi ume talde etorri dira eta oso interes handia erakutsi dute umeek. Gu ere joan gaitezke eskoletara erakustera, irteerak antolatu, hitzaldiak… gehiago ikasten jarraitzeko».
Riañok nabarmendu duenez, sukaldea ere beharko lukete, eta egindako ukendu, oleato eta hidrolatoak bertan uzteko tokia.
Belar-Xenda taldeari oraindik forma eman gabe daude, hasierako prozesuan daude. Baina gogotsu daude eta ideiarik ez zaie falta: «Artxibo bat egitea ere nahiko genuke. Guk ikasi dugunarekin eta jaso nahi dugun guztiarekin».
Gaur, Otegienea-Majorin
Barrenan egin duten erakusketaren ondorioz, jende gehiagok interesa agertu du gainera. «Erakusketan bertara jendea hurbildu da, harremanetarako kontaktuak utzi dituzte».
Bestalde, gaur, 19:00etan, beste eginkizun bat izango dute Belar-Xendakoek. «Otegienea-Majoriko San Joan jaietan, kultura desberdinetako pintxoak izango dira eta gu ere han izango gara. Iaz ere parte hartu genuen, eta aurten ere bertan izango gara», zehaztu du Riañok.
Baserri-botikak
Izan ere, Euskal Herriko historian hain sustraitua egon den sendabelarren kultura «zaharberritu» nahi dute Belar-Xendakoek, Gonzalezek gogora ekarri duenez: «Gure baserrian, gure amak botika zeukan. Baserri guztietan zegoen intsusa, iodo belarra, plantaina, kamamila… Nire amak jartzen zituen, beharra zegoenerako. Lehen ez zen hain erraza ere medikuarengana jaistea baserritik astoarekin gaixo bat eramateko. Hasierako sendagaiak baserri inguruan zeuden. Jakintza handiagoa zuten».
Riañok borobildu du Gonzalezen argudioa: «Honek aberasten ari gaitu Euskal Herriko ohitura zaharrak ezagutzen eta eskuratzen».