«Gogoa daukat kontzertuekin hasteko eta jendeari erakusteko egin dudana»
Oier Markotegi Zubillaga dago 'Odik' izen artistikoaren atzean. Musika elektronikoaren zurrunbiloan dabil murgilduta duela sei urte, eta ‘Bonjour’ diskoa aurkeztuko du laster. Datorren asteko larunbatean lehen kontzertua egingo du Legazpiko Gaztetxean.

Odik musikariak Bonjour bere lehen diskoa izango denaren Drama Stop eta Marikon abestiak igo ditu sare sozialetara, bideo eta guzti. Oier Markotegi (Legazpi, 2002) da Odik, eta hurrengo asteko larunbatean aurkeztuko du lana jendaurrean, Gaztetxean. Ikuskizun paregabea izango dela agindu du.
Nondik dator Odik izena?
Izen artistikoa da, ez nuelako nire izen propioa eraman nahi. Oier bezala, lau letrakoa da Odik, eta lehena ere O da. Hizki konbinazio bat da, ondo jotzen duena.
Urte batzuk baditu.
Bai, sei. Sei urte dira mundu honetan hasi nintzela, eta oso azkar joan dira. Asko ikasi dut denbora honetan, eta jarraitzen dut ikasten. Orain nago puntu batean zeinetan oso ondo ulertzen dudan mundu hau, eta hori egundoko gozamena da lan egiteko eta honetara dedikatzeko.
Oso gaztea zinen hasi zinenean.
Batxilergoko 1.maila ari nintzen ikasten ikastolan. Ni jaio aurretik musika elektronikoaren inguruko Eusko Dance proiektua sortu zen, eta 13-bat urte nituela deskubritu nuen. Asko gustatu zitzaidan, asko entzuten nuen, eta euskaraz zen gainera. Geroxeago haren sortzaileetako bat zen Carl Watermark ezagutu nuen, eta hark animatuta hasi nintzen ni ere. Zerbait banuela esan zidan, probatzeko, abesteko… Proba egin nuen, ondo zegoela esan zidan, eta horrela sartu nintzen.
«Orain nago puntu batean zeinetan oso ondo ulertzen dudan mundu hau, eta hori egundoko gozamena da lan egiteko eta honetara dedikatzeko»
Eta ez zara gelditu ordutik.
Ez. Hainbeste gustatu zitzaidan, harrapatu egin ninduela. Abestiaren oinarria sortzea, melodia ateratzea, hitzak jartzea, estudioan abestea, bideoklipak egitea…
Hori dena zuk egiten duzu?
Musika Carl Watermarkek egiten du, eta nik melodiak eta hitzak. Elkarrekin oso ondo konpontzen gara, komunikazio ona dugu gure artean, eta hori oso garrantzitsua da mundu artistikoan. Gainera, askatasun osoa ematen dit nire sormenarekin.
Lehenago bazenituen abestiak.
Singleak argitaratzen hasi nintzen, eta dinamika hori hartu nuen, singleak argitaratzea, banan-banan. Hala ere, Infinitua deitzen zen hiru abestiko proiektu bat egin nuen, eta bilogia bat ere bai, Gezurra eta Es una mierda abestiekin. Baina hori guztia interneterako zen, eta iritsi zen momentu bat kontzertuak egin nahi nituena, publiko aurrean abestu nahi nuena. Horretarako proiektu bat sortu dut, eta Bonjour albuma izango da muina.
Kontzertuetarako materiala sortu duzu, alegia.
Hori da. Banuen errepertorio bat, urtean abesti bat edo bi aterata, baina gehiago behar nituen. Neuzkan abestiekin eta egingo nituenekin sortu nuen kontzertua, eta hori izan da guztiaren bizkarrezurra. Behin kontzertua egituratuta nuenean, oso erraza izan da abestiak sortzea eta idaztea, zuzeneko emanaldi horretarako espresuki sortutakoak dira.
Ez al da alderantziz izaten?
Bai, eta nik egindakoa oso interesgarria eta aberasgarria izan da. Normalean abestiak dituzunean prestatzen duzu kontzertua, baina guk alderantziz egin dugu. Kontzertua nola izango den prestatu dugu lehenik, eta horren arabera abestiak sortu ditugu eta Bonjour albumean bildu.
Noiz da lehen kontzertua?
Datorren asteko larunbatean, hilaren 28an, Legazpiko Gaztetxean, 23:00etan. Irrikan nago! Lan asko dago atzetik, entseatu eta entseatu nabil. Gogoa daukat kontzertuekin hasteko eta jendeari erakusteko egin dudana. Pride egunean da gainera.
Nolakoa izango da?
Eszenatokira bakarrik igoko naiz, baina elementu asko egongo dira: koreografiak, bisualak, argiak, eta sorpresak. Abesteaz gain, musika ere joko dut zuzenean, bateria eta teklatua. Nire ustez publikoak asko disfrutatuko du, festa polita izango da, oso-oso berezia. Niretzat ere berezia izango da, eta nire asmoa da momentua bizitzea eta asko disfrutatzea. Grabatu egingo dut eta demo bat prestatuko dut, hurrengo kontzertuen kontratazioei begira.
Bonjour osoa aurkeztuko duzu?
Momentuz bi abesti igo ditut internetera, Drama Stop eta Marikon, bideo eta guzti, eta bihar hirugarrena, Paradisua. Gero etorriko dira besteak. Nire sare sozialetan daude entzungai eta ikusgai: @odikmusic. Kontzertuan abesti guztiak kantatuko ditut. Album batean abesti batzuk itzalean geratu daitezke, eta abestiak banan-banan aurkeztuta, bakoitzari bere protagonismoa emango diogu. Zortzi dira, eta abuzturako denak egongo dira interneten.
«Zorionaren bilaketa, homosexualitatea eta aldarrikapena, festak… Nitaz hitz egiten dut, eguneroko bat bezala dira»
Musika elektronikoa da, eta hitzak nolakoak dira?
Lehengo abestiak abstraktuagoak ziren, baina orain, kontzerturako sortutakoak direnez, zuzenean aukeratu ditut gai batzuk, pertsonalagoak. Zorionaren bilaketa, homosexualitatea eta aldarrikapena, festak… Nitaz hitz egiten dut, eguneroko bat bezala dira.
Marikon abestiarekin arazoak izan dituzu.
Instagramek detektatu zuen izen hori iraingarria zela, eta zentsuratu egin zuen. Horregatik agertzen da Mar*ikon bezala.
Bideoak ere egin dituzu.
Ikus-entzunezkoak daukat ikasita, eta hori baliatuta nik grabatu ditut eta Watermarken ekoiztetxean editatu, bideo promozionalak aurretik interesa pizteko, eta abestien bideoklipak. Formatu zirkularra dute, berria, oso originala eta estetikoki oso indartsua.
Zergatik aukeratu duzu Bonjour izena albumerako?
Kaixo da frantsesez. Beti izan dut izen hori buruan. Kaixo esateko da, nire aurkezpena da. Fonetikoki asko gustatzen zait, oso goxoa da. Nik familia dut Frantzian, lotura bat dut frantsesarekin, eta abesti batzuetan sartu dut hizkuntza hori. Eta kontzertu birari Bonjour Tour deitu diogu. Gaztetxekoaren ondoren emanaldi gehiago etorriko dira, promozio lanetan gaude murgilduta.