«Goierritar askok ekarpena egin dute eta oso pozik gaude»
Elikagai biltegia martxan dute Goierriko Zentro Sozialistan. Adur Eskisabel eta Irati Zubizarreta Goierriko Zentro Sozialistako kideek eman dituzte xehetasunak.

Goierriko Zentro Sozialistan elikagai biltegia martxan dute. Adur Eskisabel eta Irati Zubizarreta Goierriko Kontseilu Sozialistako kideak dira, eta elikagai biltegiaren inguruko xehetasunak eman dituzte. Bilketak saltokietan antolatzen dituzte. Bestalde, bilketetan laguntzeko boluntario sarea osatu nahian dabiltza. Interesatuek Goierriko Zentro Sozialistaren sare sozialen bidez egin dezakete kontaktua.
Noiz eta nola sortu zen elikagai biltegia Beasainen?
IRATI ZUBIZARRETA: Aurten sortu berri dugu elikagai biltegia Goierriko Zentro Sozialistan. Zenbait familiak gugana jo zuten oinarrizko baliabideak eskuratzeko zailtasunak zituztela adieraziz, eta konturatu ginen Goierrin ere badagoela bere oinarrizko beharrizanak asetzeko gaitasunik ez duen jende ugari. Hori dela eta, familia horiekin hitz egin eta elikagai bilketak jarri genituen martxan.
Zein behar sozialek eraman zaituzte ekimen hau martxan jartzera?
ADUR ESKISABEL: Azken urteetan ikusten ari gara bizitza gero eta gehiago ari dela garestitzen, eta, horren ondorioz, gero eta langile gehiagok ezin dituztela euren oinarrizko beharrizanak asetzeko produktuak eskuratu. Aldi berean, produktu horiek saltzen dituzten supermerkatuek haien irabaziak handitzen jarraitzen dute; esaterako, 2024. urtean, Mercadonak 34.127 milioi euro fakturatu zituen, eta Eroskik, 5.884,6 milioi euro, aurreko urtean baino % 2,7 gehiago. Hori salatzea ezinbestekoa dela uste dugu, eta horrekin batera, egoera honi aurre egiteko baliabideak antolatzen joan behar dugu pixkanaka.
Nola funtzionatzen du biltegiak egunerokotasunean?
ZUBIZARRETA: Biltegiko erabiltzaileek hilean behin jasotzen dituzte behar dituzten produktuak, eta horiek eskuratzeko, elikagai bilketak antolatu ditugu eskualdeko zenbait supermerkatutan, lagundu nahi dutenei bertan oinarrizko produktuak dohaintzan emateko aukera eskainiz. Aurrera begira ere bilketa handi batzuk antolatzeko asmoa daukagu, urtean hiru bat edo, baina beharraren arabera ikusiko dugu.
«Oinarrizko premiak asebetetzeko zailtasunak dituzten familia eta norbanakoekin ari gara lanean»
Nork jaso dezake laguntza eta zein baldintza bete behar dira?
ESKISABEL: Esan bezala, une honetan oinarrizko premiak asebetetzeko zailtasunak dituzten familia eta norbanakoekin ari gara lanean. Hori da baldintza nagusia. Hala ere, pixkanaka biltegiko erabiltzaileak bilketetan inplikatzea bilatzen dugu.
Zein da zuen ikuspegia elikagai biltegi baten bidez aldaketa sozialak lortzeko?
ZUBIZARRETA: Elikagai biltegiak ez du arazoa bere horretan konpontzen, bizitzak garestitzen jarraitzen duen bitartean, eta enpresariek horren harira negozioa egiten jarraitu bitartean, ez dira guztion beharrizanak bermatuko. Hala ere, garrantzitsua da egoera honen aurrean isilik ez gelditzea eta elkartasuna antolatzen hastea, horrela lor baitaiteke gizarteak dituen mugak seinalatu eta horiek gainditzen ahalegintzeko antolakuntzaren beharra azpimarratzea.
«Elikagai biltegiari modu jarraituan ekarpena egingo dien boluntarioen sarea sortu nahi dugu»
Nolako erantzuna jaso duzue herritarren aldetik?
ESKISABEL: Bilketa egunetan goierritar askok ekarpena egin dute eta alde horretatik oso pozik gaude. Esan bezala, urtean hiru bilketa handi egingo ditugu eta aurrerantzean ere harrera ona izatea espero dugu.
Beste eragile sozial edo kolektiboekin elkarlanik baduzue?
ZUBIZARRETA: Momentuz ez, baina elkarlanerako prest gaude.
Zein erronka edo behar dituzue momentu honetan?
ESKISABEL: Batetik, Goierriko familia gehiago saretu nahi ditugu. Oinarrizko beharrizanak asetzeko gaitasuna ez duten familia gehiago daude, baina ziur gaude askok ez dutela gure berri. Bestetik, elikagai biltegiari modu jarraituan ekarpena egingo dien boluntarioen sarea sortu nahi dugu. Horiek ekarpena modu ezberdinean egin dezakete: bilketa egunetan elikagaiak ematen, dohaintza ekonomikoa eginez edota eguneroko lanetan lagunduz.