Ekogarapenaren aldeko hautua
Zeraindarrek badute harro egoteko arrazoi bat baino gehiago. Biolur elkartearekin elkarlanean antolatzen duten udako azoka ekologikoa horietako bat.
Zeraingo Udako Azoka Ekologikoa beste urte batez ernaldu da iraileko hirugarren igandean, eskainiko diren nekazaritza eta abeltzaintza ekologikotik ondutako produktuak bezala. 20 ekoizle baino gehiago elkartuko dira Zeraingo frontoian. Gainera, artisau produktuak eta ekintza osagarriak ere izango dira, zuzeneko sukalde ikuskizunak edo ikastaroak kasu. Baina salerosketatik harago, azoka ekologikoa bizimodu jasangarria bultzatzeko akuilua da.
25 urte baina gehiago pasa dira Biolur elkarteak (Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko elkarteak) Zerain aukeratu zuenetik nekazaritza ekologikoaren erakusleihoa izango zen azoka egiteko plazatzat. Tartean uzta asko jaso arren, ekogarapenaren aldeko apustuak gaurkotasun handia duen hautua izaten jarraitzen du. Berebiziko garrantzia du.
Ekogarapena herri txikien gizarte eredua bermatzeko ezinbestekoa da. Ekoizpen sistema jasangarriek bertakoarekin lotura estua dute: tokian tokiko produktuak, etxekoek ekoitziak eta hurbilekoek erosiak.
Zerain, bizigarriagoa
Azokaz gain, Zerainek urte osoan eusten dio ekogarapenean sakontzeko helburuari. Zeraindarrek auzobaratzak eskura dituzte, garaian garaiko eta tokian tokikoa inolako oztoporik gabe izateko.
Halaber, Zeraingo Udalak eta herritarrek martxan dituzte energia kontsumoa txikitu eta behar dena iturri berriztagarri eta jasangarrietatik eskuratzeko.
Mugikortasunari dagokionez, azken urteetan autoak herrigunetik atera dira, oinezkoak erdigunean jarriz.
Auzolana
Zerainen ikurretako bat den auzolanaren oinarri izanik, bizi-bizirik dagoen azoka da. Adin desberdinetako zeraindarrak elkarrekin aritzen dira pintxoak prestatzen, erakusketak zaintzen, aparkalekuak antolatzen, postuak muntatzen, trafikoa bideratzen, bazkaria prestatzen, muztioa egiten…
Izan ere, azoka bat baino gehiago izan da beti azoka ekologikoaren eguna. Ohitura zaharrak eta lanbide zaharrak berreskuratu eta herria ezagutzera emateko eguna. Azokarekin lotuta, garai bateko lanbideak berreskuratu izan dituzte gainera: ikazkinarena txondorra eginez, karobia, lixiba eta zuhatzak eginez, antzinako jantzien erakusketak, muztioa…
Elkarri emanez
Argi dago, Biolur elkartearen eta Zeraingo herriaren arteko harremana aberatsa eta emankorra izan dela. Izan ere, azoka ekologikoak asko eman dio Zeraini, eta Zerainek ere neurri berean itzuli dio azoka ekologikoari.











