«Boterea aitzakia bezala hartzen dut istorioa kontatzeko»
‘Genesis de una nacion’ argitaratu berri du Marcos Huarte beasaindarrak, lau piezatako sagaren bigarren eleberria. Goierri eta Beasain «puntu zentral bat» dira.
Marcos Huarte bere azken liburuarekin.Hitza 2022an Genesis de una especie –Espezie baten sorrera– argitaratu zuen Marcos Huartek (Beasain, 1974), eta orain Genesis de una nacion –Nazio baten sorrera– argitaratu berri du. Hala, lau piezatako bildumako lehen eta bigarren liburuak kaleratuta, hirugarrena eta laugarren eta azkena jendarteratzea falta zaio istorioa osorik argitara emateko. Jada sortuak ditu azken bi horiek ere, eta epe laburrean publikatu nahi lituzke.
Genesis de una especie lanean, lagun talde batek botere paranormalak eskuratzen ditu, eta horiekin haien bizitzak aldatzen dira. Bigarrenean, berriz, botere horiek barneratuta dauzkate jada, eta Europako beste herrialde batzuetara iritsiko dira. Botere horiek ardatz, anbizioa edota dominazioa bezalako gaiak jorratzen ditu fantasiaren bidez. Amazonen dago salgai.
Espezie baten sorreratik, nazio baten sorrerara egin duzu salto bigarren lanean.
Bai, izango litzateke lehen lan horren jarraipena. Aurrekoa, Genesis de una especie, Espainiarekin duten gatazka handi batean bukatzen da, eta irabazi egiten dute. Eta oraingoan jada talde egonkortu bat da, eta hazten jarraitzen dute. Baina beste toki batzuetan sartzen dira, tartean Frantzian, eta Frantziarekin izango dute beste ika-mika potente bat. Liburuaren bukaera aldera ikusten da nazio moduko bat sortzen dutela. Hortik dator izenburua.
Botere borrokari buruzko bilduma bat da?
Bai, batez ere. Anbizioa ere bai. Eta pertsona desberdinen arteko borroka bat dela ere bai. Boterea aitzakia bezala hartzen dut istorioa kontatzeko, baina hartuko bagenitu arraza edo diferentzia ekonomikoak, zaku berean sartu genitzake denak.
Zientzia fikzioa da ala fantasia?
Esango nuke fikzioa dela fantasia puntu batekin. Fantasia puntua botereek ematen diote, baina fikzioa da. Esparru geografikoa eta tenporala erraz ikusten da. Hasieran Beasain bera da, Goierri bera da, eta hasten da 1990. hamarkadaren bukaeran, gero 2000. hamarkadan sartzen gara. Baina gaur egun bizi garen jendearentzat inguru ezaguna da. Lau nobelako saga bat da eta beti Beasain eta Goierri puntu zentral bat izango dira.
«Aspaldi neuzkan idatzita, baina hasieran ez neukan argitaratzeko ideia handirik. Egin nuen nire afizioa delako»
Garrantzi handia daukate Goierrik eta Beasainek beraz.
Bai, ikusten da garrantzia badaukatela, ikusita jada azala zein den. Igartzako jauregia bera ageri da azalean. Zerbait zentrala da, historia hemen hasten da eta beti edukiko du harreman zuzen bat nahiz eta gero gauza asko gertatu kanpoaldean. Eta kanpoaldean esaten dudanen mundu osoan gertatzen direnez ari naiz, baina beti gertatzen da zerbait Beasainen. Eta beste liburuetan joango gara inguru hau zabaltzen, bai Lazkao bai Ordiziara, baina hori beste liburu batzuetan ikusiko da. Baina harremana zuzena da erabat.
Autopublikazioa izan da?
Aurreko salmenta editorial tradizional baten bidez egin nuen, baina ez zen oso ongi joan. Gauza hibrido bat izan zen, baina hau erabateko autopublikazioa izan da. Eta oraingoa erabaki dut soilik Amazonen jartzea salgai.
Lau zatitako bilduma bat da. Hirugarrena eta laugarrena ere eginda dauzkazu. Argitalpen data zehaztu duzu?
Aspaldi neuzkan idatzita, baina hasieran ez neukan argitaratzeko ideia handirik. Egin nuen nire afizioa delako. Baina argitaratu duten lagun batzuk dauzkadala medio, ba lehenengoa atera nuen proba moduan, ea zer moduzkoa zen esperientzia. Eta ondo egon zan eta animatu naiz bilduma osoa ateratzera. Bigarren hau berez iaz atera behar nuen, baina nik enpresa txiki bat daukat, lan askorekin ibili ginen eta ez nuen astirik eduki horretarako. Aurten azkenean lortu dut bigarren liburu hau ateratzea.
Beste biei zuzenketaren bat falta zaie, maketazio pixka bat, baina hori ja liburuak ateratzeko momentuan egingo dut, prozesuaren bukaera alderako. Ez dut horrenbeste itxoin nahi, hurrengoa gustatuko litzaidake 2027ko gabonak aldera ateratzea, eta laugarrena ikusiko dugu.













