«Gezurrak» margotzen dituen artista
Burdinola elkarteak gonbidatuta, dozenatik gora koadro erakutsiko ditu Esther Agirre margolari legazpiarrak San Migel baselizan bihartik igandera bitartean.
Urte batzuk badira herriko ondarea ezagutarazteko helburuarekin, artea erabiltzen duela Burdinola elkarteak San Migel baselizaren altxorrak agerian jartzeko. Oraingoan Esther Agirre aukeratu du (Legazpi, 1953).
Margolari legazpiar honek dozenatik gora lan aukeratu ditu halako erakusketa areto berezira eramateko. Bihartik igandera arte izango ditu ikusgai elizako harrizko paretetan eskegita, bihar eta etzi 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean eta igandean,11:00etatik 14:00etara.
Txikitatik margotzen du Agirrek, Felix Vaquerizaren eskolatan ibili zen ikasten, herriko margolarien kolektiboko kidea izan zen, Arkatzarekin klaseak ematen zituen, eta orain, gutxiago margotzen badu ere, jarraitzen du afizio horrekin Mantxola Haundi etxean duen estudioan.
San Migelen erakutsiko dituen lanak, ibilbide luze honen erakusle txiki bat besterik ez dira.
Eskuekin trebea
Margotzea txikitatik duen afizioa dela azaldu du Agirrek, «familiatik datorkigu nonbait, anaia-arreba guztiak gara trebeak eskuekin». Maistrak Arte Ederrak ikasi beharko lituzkeela esan zion, «baina ezinezkoa zen etxean». Lehen akuarela kaxa 30 pezetatan erosi zuela gogoratzen du [0,18 euro], eta papera Alonsoren liburu dendan, «ez dakit zein material zen ere!». Gaur, aldiz, material «zoragarriak» daudela dio, baina orduan gazteek margotzeko zuten afiziorik ez dagoela, ezta artearekiko arretarik ere.
«Ez dut ikusten dudana fidel margotzen, asmatu egiten ditut elementuak, erantsi gauzak, aurpegiak aldatu… Gezurrak margotzen ditut, eta alde horretatik oso ausarta naiz»
Esther Agirre. Margolaria
Arte Ederrak ikastera ez zen joan, baina Felix Vaquerizak eliza azpiko lokal batean ematen zituen eskoletara bai. «Arkatza eskuan, begiarekin neurria hartu eta sakontasuna, ihes puntua, lehen planoa, bigarren planoa… ikasi genituen. Eskuari ematen genion protagonismoa, eta jardunez jardunez gehiago ikasi». Irakasle gehiago ere izan zituen: Julian Ugarte, Miguel Angel Alvarez, Mari Paz Alustiza… Klase horien inguruan margolari kolektibo bat osatu zuten herrian.
Gero bera bilakatu zen irakasle, eta hasieran Euskaltegiko ganbaran jardun zuen, gero Kultur Etxean. 25 urte egin zituen, haurrei eta helduei erakusten, eta «eskua soltatzen» erakusten zien lehenik. Arkatza elkartearen sortzaileetako bat da, eta taldekide izan ditu Jose Ramon Apaolaza, Manolo Salmeron, Juan Mari Burguera, Mari Carmen Ibañez, Txaro Jimeno, Dani Uribe-Etxebarria eta Rosa Gutierrez.
Irakatsi, eta margotu, biak uztartu ditu Agirrek, eta oraindik margotzen jarraitzen du, olioaekin. Estilo propioa landu du, inpresionismoa dela dio, eta naturak leku garrantzitsua du, «kanpoan margotzea gustatzen zait, baztertxoak eta…». Estiloari buruz, zehaztapen bat egiten du, inpresionismoa baino gehiago, berea «estilo mentiroso» dela dio, «ez dut ikusten dudana fidel margotzen, asmatu egiten ditut elementuak, erantsi gauzak, aurpegiak aldatu… Gezurrak margotzen ditut, eta alde horretatik oso ausarta naiz».












