Telleriarten etxez etxe berriz ere
Burdinola elkarteak sustatuta, auzo horren historia jasotzen duen liburua idatzi du Felix Ibargutxi kazetariak, 1994an argitaratu zutena osatuz. Igandean aurkeztuko dute, Telleriarteko plazan, 12:30ean.
Etxez etxe, sukaldez sukalde ibili da Felix Ibargutxi azken hilabeteetan, «nire saltsan», bere liburu berrirako informazioa biltzen. Burdinola elkarteak babestuta, kazetari legazpiarrak Telleriarte berriz ere lana ondu du, eta auzoan bertan aurkeztuko du igandean, San Joan jaien barruan. Aurkezpena Burdinolako kide Jose Luis Ugartek gidatuko du, eta 12:30ean izango da hitzordua, Harrizabala plazan.
Ibargutxiren liburu berri honek 1994koTelleriarte etxez etxe izenburuarekin auzoko etxe eta baserri guztien historia laburra jaso zuen lanean du aurrekaria. Hura, Joxe Luis Ugartek, Esteban Altzelaik eta Agustin Belokik idatzi zuten. «Berritasun handia» izan zen, «pauso handia». Argazki aldetik ondo zegoela dio, argazki zaharrak eskuratu zituztelako. Ondoren gehiago etorri ziren, Brinkolakoa, Elbarrenako, Egialdekoa eta Santa Maria kalekoa, «herri gutxi izango dira horrelako bilduma duena, liburuen bidez etxez etxeko ezagutza transmititu duena».
Baina Telleriartekoa «argitalpen ona» izan arren, «txikia zen edukiz». Hori dela eta, duela bi urte lehengo Santa Maria kaleari eta Legazpiko erdiguneari eskainitako liburua osatu zuenean, Burdinolako Ugarteri Telleriarteri buruzko lana zabaltzeko nahia adierazi zion. Ugarteren oniritziarekin, iazko urtarrilean hasi zen lanean, eta egin duena da «haren antzeko zerbait, hura garatuta, etxez etxeko izaera hari eutsita».
Guztira 400 orrialdeko argitalpena da, argazkiz eta mapez hornitua. Atarikoa Jose Luis Ugartek idatzi du, auzoari buruzko hainbat datu historiko eskainita, «asko eta asko ezezagunak».
Desagertutakoak barne
Ibargutxik auzoko etxe guztiei errepasoa eman die oraingoan ere, Udanan hasi, eta handik behera, Motxorron bukatzeraino, hango kaxeta barne. Tarte horretan hainbat geldialdi egin ditu bidean, eta atal desberdinetan banatu du liburua: Elortza eta Saletxe dauden Albitxuri; Elorregi eta Errizabal inguruko San Joan aldea; Korkostegi, Esaizal, Pastain-eta bese etxeak dauden Telleriarte auzo gunea; Zatuierreka, Zelanda eta Zatui aldean; eta Mirandaola, Markastegi eta San Migel Etxeberri ere tartean direla. Ibilbide horretan 50-bat etxe jaso ditu Ibargutxik.
Baina garai batean orain baino baserri gehiago omen zeuden Telleriarten, «Jose Luis Ugartek deskubritu duenez». Aspaldian desagertuta daudela azaldu du Ibargutxik, eta haien memoria ere bai, inork ez zekiela haien berririk, «baina dokumentuetan geratu zen haien testigantza, eta Ugartek aurkitu du». Etxe asko direla dio, 20tik gora, eta horien artean daude Markastegierrota, Mendiola, Zatuibenta eta San Migelgo Beataetxea.
Palazianoa eta talo taldea
Eranskin pare bat ere egin dizkio liburuari, eta bat «palazioanoei buruzkoa» da. «Palazianoa Oñatiko jauntxoa zen, zituenak etxeak bai Brinkolan bai Telleriarten. Telleriartekoak Elorregi eta Elorregi Errota dira». Atal horretan azaltzen du nortzuk izan ziren jauntxo horiek. «Palazianoak Oñatiko udaletxe ondoan dagoen Lazarraga jauregiari lotutako jendea zen. Hasiera-hasieran Lazarragatarrak ziren, gero Plaza-Lazarragatarrak, gero Aztarkoztarrak, arik eta XIX. mendean Ana Aztarkoz Martinez de Irujorekin ezkondu zen arte. Hura zen Sotomayor dukea, eta horregatik lotzen dira etxe horiek familia horrekin».
Bigarren eranskina talo taldeari eskaini dio Ibargutxik, «Telleriarteko bizitza sozialean garrantzia handiko taldea izan zelako, 1970eko hamarkadaren amaieran lanean hasitakoa» nahiko modu prekarioan, txapazko bidoietan sua eginda taloak erretzeko. Lortzen zuten dirua drogaren aurkako erakunde bati ematen zioten hasiera, eta gero, Uztarri elkartea zegoen eraikina Aldasorotarrei erosteko erabili zuten.
Horiek guztiak, eta «jakingai gehiago» daude liburu honetan, Araiztegi baserrian bizi izan zen Faustino Iñurritegi errepublikarrari buruzkoa, edo Udanako Bärh ingeniariaren familiaren nondik norakoak eta haien ondoren egon ziren Lamsfus familiarenak.
Berriemaileak eta Ugarte
Baina Ibargutxik zehaztu du «inportanteena» dela «aurreko liburuetan bezala, jendearekin egon naizela informazioa biltzen», eta berri emaile horien zerrenda jasota dago liburuaren amaieran, bakoitzaren argazki eta guzti. «Jendeak oso ondo hartu nau, eta hori ibili naiz sukaldez sukalde».
Jose Luis Ugartek idatzi duen atarikoa ere nabarmendu du, baita idatzi duena gainbegiratzen egin duen lana ere. Sarrera horretan, auzoaren «panoramika historikoa» egin du Ugartek, eta besteak beste, Telleriarte izenari egin dio tiraka, auzoan teileriak izango zirela abiapuntu hartuta, besteak beste Tellerizar izenekoa, Udana aldera bidean ezker aldera zegoela, «oraindik teila kaskoak ba omen daude».












