«Akats administratibo batetik abiatuta gure balioei eta egiteko moduei eraso egiteko estrategia bat izan da»
Euskal Udalekuetako kide den Dorrekoa kultur elkarteak ere ezingo ditu antolatu Bernedoko udalekuak, Arabako Foru Aldundiak erabaki duenez. Euskal Udalekuetako kideen irudiko, erabaki «politiko eta bidegabea» da hori, aisialdi eredu jakin baten kontrakoa.
Ane Nazabal eta Garazi Mujika Bernedoko hezitzaileak, Beasainen.Jon Urbe / FOKU Aisialdi eredu euskaldun eta feminista baten kontrako erasoa. Horrela definitu dute Euskal Udalekuetako antolatzaileek Arabako Foru Aldundiak hartutako azken erabakia. Izan ere, Sarrea elkartea zigortzea aski ez, eta Bernedoko udalekuak egitea debekatu dio aldundiak Dorrekoa kultur elkarteari ere. Joan den ortziralean eman zuen horren berri Ana del Val aldundiko Kultur diputatuak. Zigor «desproportzionala» dela adierazi dute bertan hezitzaile izandako Garazi Mujikak (Beasain, Gipuzkoa, 2006) eta Ane Nazabalek (Beasain, Gipuzkoa, 2006).
Arabako Foru Aldundiak espediente zigortzailea zabaldu zion azaroan Sarrea Euskal Udalekua elkarteari, eta dagoeneko ezarri diote zigorra. Zer balorazio egiten duzue?
GARAZI MUJIKA: Erabaki guztiz politikoa eta bidegabea izan dela iruditzen zaigu. Arabako Foru Aldundiak udalekuak ixteko erabakia hartu zuen hasieratik, eta hori egiteko edozein bide hartzeko prest zegoen, legeen gainetik pasatuta. Gainera, salatu nahi dugu ebazpena sinatu aurretik prentsan filtratu zela.
Orain arte isilik egon gara tartean adin txikikoak zeudelako, eta egoerak erantzukizuna eta ardura eskatzen dituelako, gure helburu nagusia horiek babestea izan baita, hasiera-hasieratik. Eta orain iruditzen zaigu gure kontakizuna egiteko garaia iritsi dela. Izan ere, ikasturte hau guretzat ez da erraza izan, erasoak jasan ditugu, baina, hala ere, buru-belarri aritu gara lanean, eta tentu handiz kudeatu dugu gai hau, hedabideek informazioa edonola erabiltzen dutelako, desitxuratzeraino.
Bide judizialetik erraza zen udalekuak ixtea, kautelazko neurriekin, baina administratibora jotzea erabaki dute.
ANE NAZABAL: Bide administratibo hori hartu izanak zer pentsatua ematen digu, aitzakia burokratiko bat hartu dutelako gure udalekua debekatzeko. Bide administratibo hori gure jarduna ez jakinarazteagatik ireki digute, ezkutuko jardunean aritzea egotzita. 50 urteko proiektu bat da hau, inoiz ez digute jakinarazteko eskatu; badakigu, gainera, beste elkarte batzuek ere ez dutela jakinarazten. Horrez gain, jakin badakigu aldundiak gure jardunaren berri zuela: haien tutoretzapean zeuden hainbat haur izan ditugu udalekuetan, eta gure elkarteek haien diru laguntzak jaso dituzte; beraz, jardunaren berri bazuten.
Kasualitatea da zigor hau orain eman izana? Eta, gainera, balio transfeministak eta euskaltzaleak dituen udaleku bati?
MUJIKA: Argi dugu gure proiektua oztopatzeko estrategia bat izan dela; kontu politiko eta ideologikoa da, nabarmen. Hasiera-hasieratik gure kontra egituratutako eraso bat izan da: akats administratibo batetik abiatuta, paper bat ez entregatzetik, gure balioei eta egiteko moduei eraso egiteko estrategia bat izan da.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













