Landaburu baserria: Zumarragako lorategi botanikoa
Urteko sasoi honetan loreak inoiz baino ederrago ageri dira. Urretxuko eta Zumarragako udalek lore sariketa egiten dute urtero eta Landaburu baserriko Lurdes Etxaniz eta Fermin Goenaga urtero saritzen dituzte.
Landaburu baserria Zumarragako baserri ezagunenetako bat da. Antioko baselizaren ondoan dago eta Antiotik zoragarri ikusten da. Baserri ederra dela nabarmena da, baina bertaratuz gero, are ederrago ageri da. Bertatik Txindoki, Aizkorri eta Antio primeran ikusten dira eta, gainera, Lurdes Etxanizek eta Fermin Goenagak baserriko sarrera lore mota ezberdinekin apaindu dute.
Etxanizek bere amarengandik jaso zuen lore zaletasuna. «Ama (Luisa Aranburu) oso lore zalea zen eta, ahal izan zuen bitartean, loreak zaindu zituen. Baratze bazterrean loreak ezagutu ditut beti: krabelinak, kalak, gladioloak, arrosak… Etxe aurrean ere izaten zituen: geranioak, fuksiak… Niri ere gustatu egiten zitzaidan, batak beste bat eskatzen dizu… eta egun lore asko ditugu baserrira bidean eta baserri ondoan. Nire amaren fuksiak mantentzen ditut oraindik, kimuak aldatuta».
Ehunka loreontzi dituzte. Oinetako zaharrak ere loreontzi gisa erabiltzen dituzte. Geranioak, begoniak eta fuksiak dira nagusi. «Inguru honetarako egokienak dira. Zaintzeko errazenak. Geranioak oso gogorrak dira. Neguan ere izan ditugu».
Baina beste lore mota asko dituzte. Baita sendabelarrak ere, Goenaga horietan aditua baita. Goenagak Siziliatik (Italia) ekarritako kaktusa, berbena limoiusaina Lurdesen amaren omenez (gazteleraz yerbaluisa du izena), erromeroa, ezkaia, garraiska, izpilikua, San Joan lorea, edelweiss… «Zer ez daukagu? Berbena limoiusaina ez nuen ezagutzen eta egun Landaburuko erregina da».
Paradisua
Loreek lana ematen dute, baina poza ere bai. «Garai honetan, batez ere, lana ematen dute. Gehiago ureztatu behar dituzu, hosto eta lore lehorrak kendu… Koloretsu izan nahi badituzu, zaindu egin behar dituzu. Baina izugarrizko poza ematen dute. Goizean jaiki eta loreak ikustea… Etxe aurrean asunak ikusi edo lore koloretsuak ikusi…». Goenagak «paradisuan» bizi direla dio.














