Kanada euskaldunen historiaren parte
Lanak Kanadara eraman du Enekoitz Telleria, duela urte asko bere aitona bezala. Aitona arrantzalea zuen, bera 'Berria'-ko kazetaria.
Oihana Sarasola EITBko kazetaria, ezkerretik laugarrena, eta Enekoitz Telleria segurarra, haren atzean.Enekoitz Telleria Foru Aldundiak bidaia instituzional bat egin zuen maiatzean Kanadara. Bidaiak bi zati izan zituen. Batetik, zati ekonomikoan Sherbrookeko Distriq berrikuntza kuntikoaren gunean eta Torontoko CDL Super Session topaketan izan ziren. Zati kulturalean eta historikoan, berriz, Ottawako Komunen Ganberan gobernuko zortzi ministrorekin eta lehen nazioen ordezkariekin bilera bat egin zuten. Red Bayra [Badia Gorria] ere joan ziren: XVI. mendean San Joan baleontzia hondoratu zen lekura.
Foru Aldundiak bertako hedabide batzuk gonbidatu zituen bidaia horretara. Horien artean zeuden Berriako Enekoitz Telleria segurarra eta EITBko Oihana Sarasola lazkaotarra, beste kazetari batzuen artean.
Bidaia horretan leku ezberdinak bisitatu zituzten, baina Telleriak dio gehiena zati historiko eta kulturalean «zentratu» zela, eta gehienbat Red Bayra [Badia Gorria] iritsi zirenean. 150 biztanle dituen herrixka bat da Ternua eta Labradorren kokatzen dena Newfoundland deitzen dioten lurraldean.
Red Bayra iristea ez dela «erraza» adierazi du Berria-ko kazetariak, «hegazkinez bakarrik iritsi daiteke eta astean hiru hegaldi bakarrik ateratzen dira». Telleriak bera «pribilegiatu bat» izan dela uste du «behatzaile» gisa bakarrik joan zelako, eta ez beste kazetariak bezala egunerokotasunaren berri emateko «estutasunarekin»: «Nik banekien astebete izango nuela ondoren erreportajea egiteko». Gaineratu du irribarrez «kazetaritza motela» egin duela.
Red Bayra iristen
Herrixka horretara iristeko ate «nagusiena eta errazena» Saint Johns hiria dela azaldu du Telleriak. «Kanadan gauza guztiak dimensio handikoak dira, bai besarkadak eta baita zaplaztekoak ere». Izan ere, udaberrian sortzen den laino trinkoaren ondorioz hegazkinek ere «kontuz» ibili behar omen dute: «Asko bertan behera gelditzen dira, guri ere gertatu zitzaigun» gaineratu du.
“Kanadan gauza guztiak dimentsio handikoak dira, bai besarkadak eta baita zaplaztekoak ere”
Euskal ordezkaritza herrixka horretara joatearen arrazoia Pasaian eraiki duten San Joan baleontziaren erreplika bertara eraman nahi dutelako da. Orduan, ekimen hori aurrera ateratzeko asmoz bertako gobernuarekin lan-talde bat eraikitzea zen bidaiaren helburua. Ordezkaritza horretan zeuden besteak beste Eider Mendoza diputatu nagusia eta Xabier Agote Albaolako zuzendaria.
Ekimen hori 2028an egitea aurreikusten da baina ezer ez dago ziur oraindik. Horretarako, Red Bayn «izugarrizko azpiegitura» eraiki beharko zitzatekeela azaldu du kazetariak.
Euskal arrantzaleen historia
Red Bay Unescok giza ondare izendatutako gune bat da. Unescok horrela izendatuta dauka gunea hain juxtu ontzi hori bertan hondoratua dagoelako. Bertan dagoen museoan euskal baleazaleen historia kontatzen dutela kontatzen du Telleriak: «Hori oso garrantzitsua da beraientzat arrantza gainbeheran dagoenez, gaur egun, turismotik bizi nahi dutelako». Bertakoek esaten zieten: «Zuen historia kontatuz bizi gara». Red Baykoek euskal herritik bidaiatu zutenei esaten omen zieten: «Garrantzitsua da zuek hona etortzea».
“Kanadara joateko eskaini zidatenean Goierriko bakailao arrantzaleen inguruko erreportaje batean nenbilen lanean”
Euskal baleazaleen historia kontatzeak «fenomeno bitxi bat» ere eragin duela bertakoengan dio Telleriak: «Gure historia kontatuz konturatu dira beraiena ere kontatzen ari direla». Izan ere, Europaren eta Ipar Amerikaren lehenengo harremanak XVI. mendean izan ziren. Hain zuzen ere, «euskal baleazaleen eta Kanadako Mikmak indigenen artekoak» azaldu du Telleriak.
Kazetari segurarrarentzat gauza «polita eta deigarria» da Kanadan 150 biztanleko herrixka bat euskal herritarren «oso aspaldiko historia» kontatzen ari direla jakitea.
Urperatuta dagoen ontzia
Red Bay badia batean dago Saddle irlan. Bertara «itsasoz» joaten dela kontatu du Telleriak: «Itsasoz gerturatzen zoazela bi buia txuri daude horien artean dago San Joan baleontzia hondoratuta». Hilerri bat ere badagoela gehitu du «150 euskal baleazaleen gorpuzkiekin». Herriko biztanle kopuruaren gorputz kopuru berdina izatea «kasualitatea» dela aipatu du kazetariak.
Herri horretan teila gorridun etxola batzuk ere badaude. Etxola horiek «XVI. mendean eraikitakoak» direla eta «euskaldunek joaten ziren aldiro eramaten zituztela teila berriak» dio Telleriak. Albaolako Agote zuzendariak teila gorrien inguruan esan ziena gogoratu du: «Teilekin bi gauza gertatzen dira; batetik, eguraldiagatik apurtu egiten zirelako berriak eramaten zituzten, baina teila zaharrak kendu eta berriak jartze horrek ere beraienak zirela sinbolizatzen zuen». Urertzean gelditzen ziren teila zati horiek ematen diote Red Bay izena.
Lotura familiarra
Euskaldunen eta kanadarren historiaz harago Telleriarentzat «zentzu sentimental handiko» bidaia izan da. Izan ere, kazetariaren aitona Ternuan izan zelako Tramontana ontzian bakailaoa arrantzatzen: «Red Bayn ez zen izan baina banekien Saint Johnsen baietz». Berarentzat «berezia» izan da horrenbeste euskaldun eta horien artean bere aitona ibili ziren lekuetan ibiltzea. Saint Johns-en euskal baleazaleei eskainitako museoan «bakailaozaleei eskainitako atal bat» dagoela adierazi du: «Bertan zeuden txuri-beltzeko argazkietan saiatu nintzen aitona aurkitzen baina ez nuen topatu, miraria izango litzateke».
«Kanadara joateko eskaini zidatenean Goierriko bakailao arrantzaleen inguruko erreportaje batekin nenbilen lanean»
Bidaia hori egiteko aukera sortu zen momentua ere «bitxia» izan zela adierazi du kazetariak: «Kanadara joateko eskaini zidatenean Goierriko bakailao arrantzaleen inguruko erreportaje batekin nenbilen lanean». Baserritar horiekin «fenomeno arraro» bat eman zela aipatu du: «Itsasoaz ezertxo ere jakin gabe arrantzara joaten zirelako».
Bidaia eta lan hori egitea nolabait aitonarekin zuen «zorra» kitatzeko modu bat izan dela aitortu du Telleriak: «Bere historia orain arte ez nuelako ongi arakatu eta landu». Baina, Goierriko bakailaozaleen erreportajearen eta Kanadako bidaiaren ondoren «ziklo bat itxi duela» sentitzen du.













