«Hainbeste tokitatik aipatzen dugun jauzi horri forma ematen hasi gara»
2036ra begirako helburu zehatzak mahai gainean jarri berritan, kalean ozendu nahi du orain berriz Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aldeko aldarria; Iruñean datorren larunbatean egingo duten martxa gogoan hartuta ebaki du hitz bakoitza Eskisabelek.
Idurre Eskisabel Larrañaga beasaindarra, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. Jagoba Manterola / FOKU Arbel batean errotuladorez marraztu duten egutegiak zedarritu du Euskalgintzaren Kontseiluaren jarduna asteotan, eta horixe atzean duela mintzatu da erakundeko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañaga (Beasain, Gipuzkoa, 1970). Izan ere, gain-gainean dute egutegian zehaztutako mugarrietako bat: Euskaltzaleon Martxa egingo dute Iruñean heldu den larunbatean, hilak 13 dituela. Lehendik ozendutako aldarriak berritzeko mobilizazio bat izango da, baina horiek helburu jakin batzuen inguruan ardazteko aparteko ahalegina gauzatuta egin dute oraingoan kalera irteteko deia. Izan ere, joan den astean Pizkunderako Erronka aurkeztu zuen Kontseiluak: euskararen indarraldirako euskal gizarteak bere egin behar dituen helburuak proposatu dituzte ekinbide horren bidez, 2036ra begira. Horra, muinean, bi helburu nagusiak. Lehena euskalduntzearen erritmoa bizkortzea da, urtean orain halako bi euskaldun lortzeko: 30.000. Bigarrena erabileran aurrerabidea lortzea da: erabilera aitortua %15,3koa da egun, eta hori bost puntu igotzea; alegia, %20ko langa gainditzea.
Zer harrera izan du proposatutako erronkak?
Jende askoren aldetik, eskertza moduko bat jaso dugu, hainbeste tokitatik aipatzen dugun jauzi horri forma bat ematen hasi garelako, zerbait ukigarria jarri dugulako mahai gainean.
Aurrez beste hainbat eragilek egindako esperientzia batzuetatik edanda jarri dituzue helburuak. Antz handia du zuen erronkak beste proposamen batzuekin?
Esan genuen: ez gara ari ezer asmatzen. Batetik, nazioarteko hainbat esperientziatatik edatera jo dugu: galesak izan genituen aurkezpenean gurekin, baita galiziarrak eta katalanak ere. Euskalgintzaren barnean, berriz, erronkaren logika honetan Ipar Euskal Herriak izan du aitzindaritza; hori azpimarratu egin nahiko nuke. Izan ere, duela urte batzuk Euskal Konfederazioak ariketa egin zuen ikusteko orduko egoeratik abiatuta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan euskarari etorkizun bat emateko bidea zein den, eta zein den gutxieneko erreprodukzio tasa euskarak hizkuntza bizia izaten segitu ahal izateko benetako baldintzak sortzeko. Ez da ahaztu behar Txillardegik berak soziolinguistikan matematikari ematen zion garrantzia; eta azken boladan jaso dugun ekarpen mardulenetako bat ere, Iñaki Iurrebasoren tesia, demolinguistikan kokatzen da, eta halako termino ukigarrietara ekartzen du euskararen erronka.
Beste 300.000 hiztun lortzea hamar urteotan; erabileran %20ren langa gainditzea. Zer hizkuntza politika lehenetsi behar dira hor aurrerabideak egiteko?
Bada, ezagutza areagotze aldera, eta beste 300.000 euskaldun izateko helburu horri lotuta, dudarik gabe hezkuntzan daukagu erronka handi-handi bat, eta bestea, helduen euskalduntzean eta alfabetatzean. Egia da azken urteotan garaipenik handiena hezkuntzatik etorri dela, baina uste dugu euskalduntze tresna horretan erritmoa bizitzeko garaia dela. Jakina, eremu administratibo bakoitzean eta eremu soziolinguistiko bakoitzean ez gara toki beretik abiatuko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, uste dugu euskarazko ikas eredua orokortzea dela giltza, ereduen eredua gainditzea. Zergatik ereduen eredua gainditu? Nolabait ere, hor sortzen delako mekanismo bat urtero-urtero milaka haur eta gazte benetan euskalduntzeko bide horretatik kanpo uzten dituena. Era berean, ikusten dugu curriculumean soziolinguistikari buruzko ezagutza batzuk egotea garrantzitsua dela. Gure gizartearen egoera soziolinguistikoari buruzko eta euskararen minorizazioaren inguruko zertzeladak edo ezagutzak eman behar dira, beste zehar-lerro batzuk sartzen diren bezala.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













