«Ofizialtasuna lortu denetik serioago hartu dut pilota»
Euskal Herritik Mundura Ampo Txapelketa irabazi du Azketak eskuz binaka, Aingeru Bernaolarekin. Munduko Txapelketan egotea espero du: «Esperantzak badauzkat baina ez da finkoa».
Beñat Azketa Lasa pilotaria, atzo, Beasaingo Zelaeta-Berri plazan.Laida Goiburu Urrian Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketara begira, hautatzaileek pilotarien maila lehiaketan ikusteko eta Euskal Pilota Selekzioa herriz herri ikusgarri egiteko helburuz, Euskal Herritik Mundura Ampo Txapelketa antolatu du Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak. Beñat Azketa Lasa (Beasain, 1993) aurrelariak jantzi du eskuz binakako txapela. Uztailean jakinaraziko dute Munduko Txapelketara joango direnen zerrenda ofiziala.
Finala Mañariako Aingeru Bernaolarekin irabazi zenuen ekainaren 7an. Nola bizi izan duzu txapelketa?
Sei aurrelari eta sei atzelari izan gara aurre-hautatuak Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketara joateko. Gure artean bikote ezberdinekin jolastu dugu txapelketa. Lehenengo ligaxka bi atzelarirekin jokatu nuen, biak goierritarrak gainera: Beñat Garmendia beasaindarrarekin eta Artea Goiburu segurarrarekin. Bat galdu eta bestea irabazita, finalerdietara sailkatu nintzen, eta finalerdia eta finala Aingeru Bernaolarekin jokatu ditut.
Zer moduz moldatu zarete elkarrekin?
Nahiko zalantzati iritsi ginen. Bere multzoan Aingeru bigarren atzelari geratu zen, eta ni nire multzoan bigarren aurrelari. Finalerdia jokatu genuen lehenengo atzelari eta aurrelariaren aurka, orduan teorian besteak faborito ziren.
Nik ligaxkako partidak ez nituen oso ondo jokatu, Aingeru eskuetatik arazoekin ibili zen eta konfiantza handirik gabe, baina finalerdietan txapelketako partidarik onena egin genuen. Finalean ez genuen inondik inora espero ze beste biak –Oihan Etxeberria eta Oier Elorz– faboritoak ziren garbi; gazteak dira, topera dabiltzanak… eta gure txapelketako partidarik onena egin genuen berriz ere. Nahiko sorpresa izan zen, finalekoa batez ere.
Zein esango zenuke dela zure indargunea? Eta ahulgunea?
Indargunea pilotari abiadura ematea esango nuke, eta ahulgunea agian tantoa bukatzen, puntillero esaten dena ez naizela. Indarra eta abiadurarekin tantoa egiteko gaitasuna daukat, baina ahulgunea tantoa egitea batzuetan kostatzen zaidala abiadurarekin ez badut lortzen.
«Hasierako aurre-hautaketa murriztu dute; sei aurrelari eta sei atzelari ginen, eta orain hiru aurrelari eta lau atzelari geratu gara. Hortik bi aurrelari eta bi atzelari joango gara»
Munduko Txapelketarako prestaketa izan da txapelketa. Irabazle izanda, deialdian egongo zara ondo bidean.
Ekainean entrenamenduekin jarraituko dugu, eta uztailaren hasieran egingo dute deialdi ofiziala. Hasierako aurre-hautaketa murriztu dute; sei aurrelari eta sei atzelari ginen, eta orain hiru aurrelari eta lau atzelari geratu gara. Hortik bi aurrelari eta bi atzelari joango gara. Espero hor egotea. Irabazita, esperantzak badauzkat baina ez da finkoa.
Txapelketaren beste helburua izan da ikusgarritasuna ematea Euskal Pilota Selekzioari. Ze giro nabaritu duzu jaialdietan?
Herri diferente pila batetan jolastu dugu, eskuz gain zestan eta palan ere bai. Partida batzuetan jendea joatea gehiago kosta da, baina adibidez palan esan dute herri guztietan izugarrizko giroa egon dela. Eskuz, finaletan eta finalerdietan oso ondo erantzun du jendeak, orokorrean oso giro polita egon da.
Munduko Txapelketan daukazu burua, ala nahiago duzu deialdira itxaron?
Horretan pentsatzen daramat denbora dezente. Ni 33 urte betetzera noa, eta nik beti hartu izan dut pilota jolas modura edo zerbait entretenitzeko bezala. Izugarrizko taldea daukagu Zegamako taldean –Tartaloetxe klubean dabil–, baina Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortu denetik, azken urte eta erdi honetan, serioago hartu dut pilota, bai amets horrekin eta baita helburu konkretu horrekin ere. Lehen entrenatzen genuen, jokatu nahi genuen, zaintzen ginen, baina orain seriotasun gehiagorekin hartzen da. Pizgarri bat eman du Munduko Txapelketan Euskal Selekzioarekin jokatzeko aukerak.












