Aizkorrin Barrena mendi martxak 500dik gora mendizale elkartu ditu Brinkolan
Eguraldiaren aurreikuspen txarrengatik ohi baino jende gutxiagok parte hartu du aurtengo edizioan. Hala ere, antolatzaileak oso gustura geratu dira partaidetzarekin, mendi martxaren bilakaerarekin eta egindako lanaren emaitzarekin.
Bi urteko etenaren ondoren, atzo itzuli zen Brinkolara eta inguruko mendietara Aizkorrin Barrena mendi martxa, 13. edizioa betez. Eguraldiaren pronostikoa ez zen oso ona igande goizerako, eta horrek eraginda, espero baino mendizale gutxiagok parte hartu zuten. Hala ere, 500dik gora partaide inguratu ziren, eta antolatzaileak oso gustura geratu ziren kopuru horrekin, martxaren bi ibilaldien bilakaerarekin eta, orokorrean, egindako lan guztiaren emaitzarekin.
Goizeko 6ak aldera hasi zen mugimendua Brinkolan, eta iluntzean bazen oraindik giroa auzoko Armuño elkartean. Izan ere, Aizkorrin Barrena mendi ibilaldia baino askoz ere gehiago da, eta auzo osoa ukitzen du modu batera edo bestera. Ibilaldien irteera eta helmuga geltoki ondoko plazan izaten dira, eta bertan eta handik oso gertu dagoen Armuño inguruan giro berezia izaten da, batez ere amaieran.
Atzo ere hala gertatu zen, eta geltoki ondoan, besteak beste, auzotarrek azoka txiki bat prestatu zuten bertan ekoitzitako produktuekin: eztia, sagardoa, zukua, mermeladak, dultzeak, pastelak, kontserbak… Armuño elkartean bertan eta ondoan, berriz, Saniko kuadrillak prestatutako paella bazkaltzeko aukera izan zen; 200dik gora errazio saldu zituzten. Bazkaria eta bazkalondoa, gainera, Jokin Matxinandiarena akordeoi jotzaileak eta Jokin Balerdi abeslariak girotu zuten.
Antolatzaileak eta partaideak, pozik
Eguraldiaren aurreikuspen txarraren eraginez ohi baino partaide gutxiago izan ditu Aizkorrin Barrenak aurten, baina antolatzaileak oso pozik daude emaitzarekin. Pronostiko txar horren ondorioz Zanpa-zanpa ibilbidea aldatu egin behar izan zuten, baina azkenean ez zuen aurreikusitako euririk egin, eta beste guztia “bikain joan zen”. Antolatzaile askorentzat lehen urtea zen lan horietan, eta azkenean, “egindako lan guztiaren emaitza oso ona” izan zela aipatu dute biharamunean. “Oso balorazio positiboa” egin dute.
Antolatzaileekin batera boluntario askok lan egin zuten atzo, eta horien artean Atzegiko kuadrilla nabarmendu behar da.
Mendizaleak ere oso gustura agertu ziren helmugara iritsitakoan, eta gehienek antolakuntza, bidearen seinalizazioa eta bistak goraipatzen zituzten, beste batzuek aldapak eta ibilbidearen gogortasuna ere aipatzen zituzten bitartean.
Kamisetak eta lehiaketa
Mendi martxa amaitutakoan kamisetak jaso zituzten opari partaideek, baina urtero bezala, legazpiarrei aurrerago emango zaizkie, antolatzaileek jakinarazitako egunetan, Izadi Zaleak elkartean.
Haur eta Helduentzako Mikel Oskoz galdera lehiaketari dagokionez, antolatzaileak zuzenean jarriko dira harremanetan irabazleekin.
Ondorengo irudietan ikus daiteke Aizkorrin Barrena mendi martxaren laburpena (Mendiko argazkiak: Juan Luis Ormazabal)













