Ion Paredesek irabazi du Keler garagardo tiratze lehen lehiaketa
Donostian egin dute lehiaketa gaur goizean, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaiko 120 partaiderekin. Legazpiko Katilu taberna-jatetxeko zerbitzaria da Paredes.
Ion Paredesek (Legazpi, 1993) irabazi du Keler garagardo tiratze lehiaketaren lehen edizioa. Gaur goizean jokatu da lehiaketa, Donostian, garagardo enpresak duen egoitzan. Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaiko 120 inguru partaide izan ditu.
Paredesek Legazpiko Katilu taberna-jatetxean lan egiten du zerbitzari gisa, eta oso pozik dago sariarekin. Garaikurra, 2.000 euro, diploma eta amantala jaso ditu. Zerbeza on bat ateratzeak “bere mimoak eta maitasuna” behar dituela dio, “kafeak edo ardoak bezala”. Kafeak ateratzean jartzen duen “mimo eta maitasun” horregatik ere ezaguna da Paredes Katilura joaten diren kafe zaleen artean.
Argazkiak: Joxe Egaña














