Legazpiarrek 322 kilo hondakin bildu dituzte Erreka Egunean
Ibaiaren ekosistema zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko jarduera horretan 88 boluntariok parte hartu dute.
Euria ez zen eragozpen izan legazpiar askorentzat, eta Urola ibaia garbitzeari ekin zioten larunbat goizean, Erreka Egunaren baitan. Ibaiaren ekosistema zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko jarduera horretan 88 boluntariok parte hartu zuten, eta 322 kilo hondakin jaso zituzten guztira ibaitik. Hondakinak ikusgai daude Euskal Herria plazan.
Erreka Eguna 2004tik egiten den ekintza da, eta aurtengoa 18. edizioa izan da. Aurten bildutako hondakin kopurua aurreko edizioetakoa baino askoz ere baxuagoa da, 2021etik, Legazpiko Udalak modu profesionalean garbitzen duelako ibaia urtean bitan.
Bildutako 322 hondakin kilo horien artean plastikoa da gehiena, baina hozkailuren bat, kableak, beira, eraikuntza-materiala eta arropa ere badira. Hondakin hori guztia ikusgai egongo da aste honetan zehar udaletxe ondoan.
Legazpiko Udalak antolatzen duen ekintza da Erreka Eguna, eta horrek eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten guztiei, Haztegi ikastolari, Olazabal institutuari eta Domingo Agirre eskolari. Halaber, aipamen berezia egin nahi diote Katagorri elkarteari, “urtero hamaiketako goxoa prestatzen laguntzen dutelako”.














