Kirolarekin eta jolasekin gozatu dute haurrek Legazpin Sorgintxuloren bi ekintzekin
Futbola, saskibaloia eta eskubaloia uztartzen dituen Trikornio txapelketan bost talde lehiatu ziren larunbat goizean. Arratsaldean Euskal Jolasen Festa egin zuten plazan.
Lanpetuta ibili dira asteburuan Sorgintxulo aisialdi taldeko begiraleak, Legazpiko haurrei eta gaztetxoei eskainitako bi ekintzaren ondorioz. Larunbat goizean Trikornio kirol txapelketa egin zuten, eta arratsaldean, Euskal Jolasen Festa.
Trikornio Txapelketa Domingo Agirre eskolako kantxan jokatu zen, herriko bi ikastetxeetako bost talderen partaidetzarekin. Hiru kirol modalitateetan egin behar zuten lehia: futbolean, saskibaloian eta eskubaloian. Futbolean, Haztegi ikastolako LH-5eko mutilak izan ziren garaile, eskubaloian Domingo Agirreko LH-6ko mutilak, eta saskibaloian, ikastolako DBH-1eko neskak.
Euskal Jolasen Festa, berriz, arratsaldean ospatu zen, plazan, giro paregabearekin. Haurrei eta horien guraso, aiton-amona, zaintzaile eta abarrei zuzendutako festa zen, eta euskal jolasak eta kantak erakustea zen helburua.