Legazpiko EH Bilduk barne hauteskundeak egingo ditu alkategaia aukeratzeko
Hautagaiak aurkezteko epea urriaren 17tik 30era bitartekoa da. Eratu berri duten Barne Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak zainduko du prozesua.
Legazpiko EH Bilduko alkategaia aukeratzeko barne hauteskundeak abian jarri dituzte, astelehenean, hilaren 10ean, Herri Batzarrak prozesuaren plangintza onartu eta gero.
Lehen urratsa Barne Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordea izendatzea izan da. EH Bilduko ordezkarien arabera, “parte hartzeko eta zerrendak egiteko prozesuaren garapen egokia zaintzea, zalantzak argitzea eta erreklamazioak ebaztea” izango da batzordearen egitekoa. Gainera, “bozketa eta boto kontaketa fiskalizatuko ditu, araudiak arautzen duena betearaziz”.
Organo hori izendatu eta gero, hautagaiak aurkezteko epea zabalduko dute, hilaren 17tik 30era bitartean, “hauteskunde zerrendak egiteko erregelamendua jarraituz”. Arautegi horretan planteatutako prozedurak “printzipio demokratikoa, efikazia eta egokitasun printzipioa eraginkortasunez uztartu nahi ditu”, helburu nagusia “ahalik eta hautagai zerrendarik onenak” eratzea baita.
Barne hauteskunde prozesuan EH Bilduren ideiekin bat egiten duten 18 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, elkarrekin.ehbildu.eus webgunean izena emanez. Hautagaitza bakoitzak gutxienez hamar pertsonen abala beharko du, eta prozesu guztian segurtasuna eta pribatutasuna bermatuta izango da.
Informazio gehiagorako, legazpi@ehbildu.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.