Legazpiko lehen lantegiei eskainitako erakusketa inauguratu dute Fabrikan
Hilaren bukaerara arte egongo da zabalik, asteburuetan. Herrian egiten ziren produktuak daude ikusgai, baita herritarren makina bat testigantza ere.
Legazpiko lehen fabrikak izenburuarekin, atzo inauguratu zuten erakusketa berri bat Patrizio Elorza paper lantegi zaharreko eraikinean dagoen Fabrika gunean, Chillida Lantokiaren ondoan. Lenbur Fundazioak antolatutako erakusketa da, eta atzoko inaugurazio ekitaldian Luis Chillida lehendakaria, Agurtzane Elustondo zuzendaria eta Olatz Conde teknikaria izan ziren, Koldobike Olabide alkateaz lagunduta.
Lenbur Fundazioaren eskutik, burdinolen aroa amaitutakoan herriko ekintzaileei esker sortu ziren produkzio gune edo lantegiak ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak. Garai haietan, metalaren arlotik beste arlo asko landu ziren Legazpin, eta besteak beste, papera, teilak, botoiak edo haurrentzako orgak ekoizten ziren, eta plastikoa ere bai beranduago.
Erakusketan lantegi haietan ekoitzitako hainbat produktu daude ikusgai, eta Lenburrek Legazpiko historia eta ondarea berreskuratzeko egin duen bidean zehar lagun izan dituen herritarren hainbat testigantza ere ikus daitezke.
Hilaren 30era arte
Erakusketa urriko hiru asteburuetan egongo da ikusgai: ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara bitartean: larunbatetan, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara bitartean; eta igandeetan, 11:30etik 13:30era artean.