Legazpiko udaletxeko fatxada argi arrosaz eta urdinez beteko da bihar
Udalak bat egingo du horrela haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaio ondokoengatiko dolua bistaratzeko munduko egunarekin.
Bihar haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaio ondokoengatiko dolua bistaratzeko munduko eguna dela-eta, Legazpiko udaletxeko fatxada kolore arrosa eta urdinekin argiztatuko da.
Esku Hutsik, Euskadiko haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaio ondokoengatiko dolu-elkarteak egindako lankidetza eskaerari erantzungo dio horrela udalak.
Esku Hutsik elkarteak adierazi duenez, “espero den haurtxoa galtzea, haurdunaldiaren asteak alde batera utzita, oso esperientzia traumatikoa eta mingarria” da, eta, argiztapen horrekin gai horretaz hausnartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak, “gizarte tabua hautsi” nahi dutelako. Dolua eta komunikazioa erraztu nahi ditu elkarteak, eta, aldi berean, familiei aukera eman “beren historia senideei, lagunei eta ahaideei kontatzeko”.