Iñaki Apalategi, ia aukerarik gabe bertso txapelketan
Seigarren egin du gaur Elizondon (Nafarroa) jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoan. Alaia Martin sailkatu da zuzenean bigarren itzulirako, eta gainerako bertsolariak hurrengo saioen zain geratu dira.
Seigarren eginda, Iñaki Apalategi beasaindarra ia aukerarik gabe geratu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian aurrera egiteko. Gaur Elizondon (Nafarroa) jokatu den lehen finalaurrekoan 623 puntu eskuratu ditu, aurretik Alaia Martin 729,5 punturekin, Joanes Illarregi 711 punturekin, Agin Laburu 677 punturekin, Unai Agirre 652,5 punturekin eta Onintza Enbeita 639,5 punturekin izan direla.
Alaia Martin zuzenean sailkatu da bigarren itzulirako, eta gainerako bostak, hurrengo saioen zain geratu dira, aurrera egingo duten ala ez jakiteko.
Elizondokoaren ondoren, Donibane Garazin, Irunen eta Durangon jokatuko dira lehen itzuliko beste hiru finalaurrekoak. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren hemezortzi bertsolariak. Amurrion, Baionan eta Bilbon izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak.
Nerea Elustondo legazpiarra Donibane Garazin lehiatuko da hurrengo asteburuan, lehen itzuliko bigarren finalaurrekoan.