Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo dira dantza txapeldun berriak
Seguran jokatu den Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 46. edizioa irabazi du bikoteak.
Bergarako Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok irabazi dute gaur arratsaldean Segurako Baratze pilotalekuan jokatu den Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 46. edizioa. Txapela, lepokoa eta Aitor Ruiz de Eginok egindako Dantza Txapelketako garaikurraz gain, 800 euro eta oroigarria ere jaso dituzte. Gainera, Gipuzkoako bikote onenaren saria ere jaso dute bergararrek, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko trofeoa ere eman diete.
Maren Galvez eta Gorka Granado bigarren postuan sailkatu dira, eta Katerin Artola eta Iker Belintxon hirugarrenean. Bi bikote horiek ere garaikurrak eta diru sariak jaso dituzte. Bestalde, Galvez eta Granadok dantza jantzien saria ere irabazi dute.
Beste sari bat ere banatu dute, Guillermo Areizaga Saria, hain zuzen ere. Dantza txapelketaren sortzaile eta sustatzaile izan zenaren omenez sortua, lehenengo aldiz parte hartu eta ongien sailkatu direnentzako izaten da sari hau, eta aurtengo edizioan, Alaia Amubieta eta Amets Amubieta azpeitiarrek eraman dute.
Dantza txapelketan, ohi den bezala, Isilkara txistulari taldeak eta Estanga anaia-arreba trikitilariek lagundu dituzte dantzariak musikarekin. Saioaren atsedenaldian, gainera, Aukeran dantza konpainiako kideek dantza egin dute.
Sailkapena:
- Saioa Murgiondo-Julen Galarraga (Bergara): 74 puntu
- Maren Galvez-Gorka Granado (Lezo-Sopela): 72,50
- Katerin Artola-Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo): 70,50
- Alaia Amubieta – Amets Amubieta (Azpeitia): 63,00
- Ane Jaunarena – Endika Osa (Lezo) 62,00
- Nora Aizpuru – Iker Zabala (Azpeitia) 62,00
- Elaia Elorza – German Aranburu (Azpeitia): 59,00
- Irati Uzkudun – Ekain Uzkudun (Zestoa-Azpeitia): 55,00
- Leire Urrestilla – Iker Urrestilla (Zestoa 51,00)