Eklipsea eklipsatu zuten lainoek
Eguzki eklipsea izan zen atzo; Ilargiak Eguzkiaren %10 tapatu zuen, gutxi gorabehera. Aranzadi Zientzia Elkarteak jarraipena egin zuen. Hurrengo eklipse osoa 2026. urteko abuztuaren 12an izango da.
Ilargiak eguzkiaren %10 inguru tapatu zuen atzoko eklipsean. Gertaera bitxia izan daiteke askorentzat, baina Aranzadi Zientzia Elkarteko astrologia saileko zuzendari den Virginia Garciak argitu duenez, «urtero jazotzen dira eklipseak. Gertatzen dena da, planetaren zonalde desberdinetan gertatzen direla eta ez direla leku guztietatik ikusten». Beste datu bat ere eman du; «eguzki eklipse bat gertatzen denean, 14 eguneko aldearekin ilargi eklipse bat gertatzen da». Beraz, bi aste barru izango da hurrengoa.
Atzo gertatu zen azkena: ilargia eguzkiaren aurrean jarri zen. «Ilberri fasean gertatu ohi den fenomenoa da, eta ez dugu ilargia ikusten, eguzkia eta lurraren artean kokatzen delako», azaldu du Aranzadiko kideak. Hori gertatzen da, «ilargiaren orbita, ez dagoelako lurraren orbitaren plano berdinean, pixka bat inklinatuta dago». Kointziditzen duenean, «ilbetea edo ilberrian plano berdinean kokatzen direla hiru astroak, orduan gertatzen dira eklipseak. Azken finean da, eguzki eklipseetan, ilargiaren itzala lurreraino iristen dela».
Goierrin lainoek ez zuten utzi eklipsea ikusten. Aranzaditik, behaketa publikoa antolatu zuten, Donostiako Tabakalera egoitzan. «Pena izan zen eguraldiaren baldintzek ez zutelako lagundu, ezin izan zen behaketa egin, baina simulazioaren bidez ikus dezakegu zer gertatu zen».
Euskal Herrian ez, baina planetaren beste puntu batzuetan bai, eklipsea garbi ikusteko aukera izan zuten, «geroz eta iparralderago hobeto ikusi zen, horregatik, iberiar penintsulan, latitude batetik behera, Madrilen adibidez ez zen ikusi. Espainiako Behatoki Astronomiko Nazionalak adierazi zuenez, Ozeano Atlantikoan hasi zen, Islandiako kostatik hurbil, eta Indiako Ozeanoan amaitu zen. Fenomenoaren puntu gorena Nizhnevartovsk hirian (Errusia) gertatu zen, non Ilargiak Eguzkiaren %86 estali zuen.
Urteak dira eklipse oso bat edo eraztun eklipse bat gertatzen ez dela. 1999 urteko abuztuaren 11n gertatu zen milurteko azken eguzki eklipse osoa. Gurean eguzkiaren % 80 estali zen 11:15 inguruan hasita.
Hainbat aholku
Europan ikusiko den hurrengo eguzki eklipsea 2026.eko abuztuaren 12an izango da.
Eklipseari so egiteko neurri bereziak hartu behar direla gogoratu du Garciak, betaurreko bereziak edota soldadurako maskara ipintzea da gomendagarria. Prismatikoak edo teleskopioa erabiliz geroz, proiekzioaz baliatu behar da, tresnak eguzkia gainazal zuri batean ikusteko moduan bidera dezan. Bestelako metodoek, atzera bueltarik ez duten kalteak» sor ditzakete.