Aitor Casadok eta Mar Torrijosek iaz Gautemalara egindako bidaia gorabeheratsua kontatuko dute
'Guatemala: Mayen bidea jarraitu nahian' izenburuko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute Kultur Etxean.

Guatemalara iazko udan egindako bidaia gorabeheratsua izango da Aitor Casadok eta Mar Torrijosek Legazpiko Kultur Etxean eskainiko duten ikus-entzunezkoaren gaia. Guatemala: Mayen bidea jarraitu nahian da lanaren izenburua, eta proiekzioa 19:00etan izango da, ostiralean, areto nagusian.
COVID-aren ondorengo ziurgabetasun garaietan egindako bidaia izan zen, eta Casadok azaldu duenez, horregatik aukeratu zuten, hain zuzen, «Guatemalan, Hondurasen eta Belicen zehar taldean bidaiatzea». Ez zitzaien, ordea, oso ondo atera, «oraindik erdia egin gabe genuenean, Marrek istripu bat izan zuelako eta ezin izan genuelako aurrera jarraitu». Istripuaren ondorioz, ebakuntza bat egin zioten han eta etxera itzuli ziren ondoren. «Sei hilabetera, oraindik ez da osatu oinean izandako bi hausturetatik».
Horren harira, bidaietarako aseguru bat kontratatzeko komenigarritasuna azpimarratu du Casadok.
Bidaia erdiaren kontaketa
Istripuaren ondorioz, aurrikusita zuten guztiaz ez, baina bidaia erdiaz gozatzeko aukera izan zuen bikoteak, eta hori da biharko emanaldian erakutsiko dutena. «Guatemalaz eta hango jendeaz asko gozatu genuen, sorpresa atsegina jaso genuen, eta hara joatea gomendatzen diogu jendeari».
Emanaldia hainbat zatitan egongo da banatuta. «Hasieran Guatemalari buruz hitz egingo dugu orokorrean, eta gero 40 minutuko iraupena duen ikus-entzunezkoa eskainiko dugu, hainbat gai sakonago azalduz: mayen erritualak, ‘chiken bus’ deitzen diren autobusak, Atitlan lakua, osasungintza, janzkera, erlijioa, natura, hizkuntza eta beste gauza asko».
Casadok gonbidapena luzatu die legazpiar guztiei. Gautemala zerbait gehiago ezagutzeko aukera paregabea izango da.