Legazpiko komertzioetan egindako lapurretak gaitzetsi ditu Ilinti merkatari elkarteak
Lapurretak saihesteko segurtasun neurriak hartzeko eta indartzeko eskatu die herriko merkatari guztiei.
Legazpiko hainbat dendatan egin dituzte lapurretak azken asteetan Pasa den asteburuan Legazpiko bi komertziotan izandako lapurreten aurrean, Ilinti merkatari elkarteak ohar bat kaleratu du ekintza horiek gaitzetsiz eta segurtasun gehiago eskatuz. Monto Pinturas pintura dendan eta B The Travel bidaia agentzian gertatu dira lapurretak oraingoan.
Ilintiko oharrean jakinarazi dutenez, azken hilabeteetan lapurreta gehiago ere izan dira Legazpin, hain zuzen Mimaru lore dendan, Bi Persianas burdindegian, Hizkuntza liburu dendan, Ana Jostungintzan, Senegaldarren Txokoan eta Katilu taberna-jatetxean. Beste hainbat tokitan ere barrura sartzen saiatu dira lapurrak. Horrelako ekintzek «dagoeneko nahiko zaila den gure komertzioen egoera okertu besterik ez dute egiten», merkatari elkarteko kideen esanetan.
Segurtasun neurriak
Ilinti «kezkatuta» dago gertakari horiekin. Lapurretak eta lapurreta saiakerak «delituzko ekintzak» direla dio, eta horiek murriztu egin behar direla azpimarratu du. Horretarako, «neurriak indartu egin behar» direla adierazi du, «gure jarduera profesionaletan segurtasunarekin jardun ahal izateko».
Aldi berean, lapurretak saihesteko segurtasun neurriak hartzeko eta indartzeko ere eskatu die herriko merkatari guztiei, eta bakoitzak bere dendan edo lokalean «zuhurtziarekin» jokatzeko ere bai.













