Legazpiarrek bat egin dute gaurko Basoen Nazioarteko Egunarekin
2030 Eskola Agendako ikasleek proposatuta ospatuko da eguna, eta udalak hainbat jarduera antolatu ditu. Gaur Agirre-Etxeberriko parkera bisita gidatua egingo dute, eta igandean Zuhaitz Eguna ospatuko dute.
Basoen Nazioarteko Eguna da gaur eta legazpiarrek bat egin dute horren aldarrikapenekin, 2030 Eskola Agendako ikasleek proposatuta. Basoak eta osasuna da aurtengo leloa, eta basoak zaintzeko deia egiten da, ematen dituzten onuraz jabetzeko helburuarekin. “Baso osasuntsu batzuen bidez bakarrik lortuko dugu populazio osasuntsuak izatea”.
Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Basoen Nazioarteko Egun honen bueltan. Gaur bertan, 18:30ean, Agirre-Etxeberri parkeko zuhaitzak ezagutzeko bisita gidatua egingo da. Doakoa da bisita, baina izena eman behar da aurretik, 943 72 58 29 telefonora deituta.
Zuhaitz Eguna, igandean
Bestetik, Zuhaitz Eguna antolatu du hurrengo iganderako, hilak 26. Arrasetan izango da, eta 100 zuhaitz autoktono landatuko dituzte, basoak zaintzearen garrantziaz kontzientziatzeko: 50 mendiko haritz (Quercus petraea) eta 50 ametz (Quercus pyrenaica), Legazpin jasotako hazitik sortutako landareak. Izena eman behar da www.legazpi.eus, eta osteguna, hilak 23, da azken eguna.
Udalak, gainera. 1.500 zuhaitz landatuko ditu astean zehar Arrasetan, Zuhaitz Eguna egingo den inguruan. Basoa Modu Iraunkorrean Kudeatzeko Plan Teknikoaren jarraibideei jarraituz, 2022an bost hektarea pinu moztu ziren Arrasetan, eta horiek utzitako tokian orain 1.500 zuhaitz landatuko dira, batez ere haritzak, bertako basoa berreskuratzen hasteko.
Basoen garrantzia
Basoen Nazioarteko Egun honekin, udalak gogorarazi nahi du basoak “funtsezkoak” direla klima aldaketari aurre egiteko. “Ekarpen handia egiten dute egungo eta etorkizuneko belaunaldien onurarako. Baina onura ekologiko, ekonomiko eta sozial izugarriak izan arren, basoak arriskuan daude baso suteen, lehorteen, izurriteen eta aurrekaririk gabeko baso soiltzearen ondorioz”.
Hori dela eta, Domingo Agirre ikastetxeak, Haztegi ikastolak eta Olazabal institutuak eta udalak “beharrezkoa” ikusten dute haiek zaintzearen garrantziaz ohartaraztea.