Ordizian izango da Euskal Eskola Publikoaren jaia 2024an
Igandean Mungian izan zen 30. Euskal Eskola Publikoaren jaia, eta Urdaneta-Oianguren ikastetxeko ordezkariek lekukoa hartu zuten. Hurrengo urtean 50. urte beteko ditu Urdaneta eskolak.
Euskal Eskola Publikoaren 30. jaia, igandean, Mungian. Igandean Mungian (Bizkaia) izan zen Euskal Eskola Publikoaren 30. jaia. Milaka lagun elkartu ziren bertan, Jagon lelopean, euskal hezkuntza sistema publikotasunetik aldarrikatzeko. Ekitaldian, lekukoa eman zieten Ordiziako Urdaneta-Oianguren eskola eta institutuko ordezkariei. Hurrengo urtean, 2024an, Ordizian ospatuko da 31. Euskal Eskola Publikoaren jaia.
Ekainaren lehen igandean izaten da festa. Hala, ekainaren 2an izango da ondo bidean Ordiziakoa, Urdanetarrak Guraso Elkarteak eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak antolatuta. Urdanetarrak-ek azaldu duen bezala, Euskal Eskola Publikoaren «erreferentzialtasuna» eta «garrantzia» aldarrikatzeko izango da. Urtebete dute aurretik festa antolatzeko.
Ordiziako eskola publikoaren «batez ere azken 8 urteetako egoera eta egoerari erantzuteko egiten ari den lana ikusarazteko» ere baliatuko dute ekitaldia. «Izan euskara erabilera mailari lotuta edo familien egoera sozioekonomikoari lotuta». EHIGEk Urdaneta-Oiangurenek egindako lan hori aitortu duela azaldu dute, eta lan egingo dute festa giroan aldarriak kalera ateratzeko.
50. urteurrena
Euskal hezkuntza publikoa aldarrikatzeko festa izango da, baina horrekin batera Urdaneta ikastetxearen 50. urteurrena ere ospatuko da. 1973-1974. urteen artean ireki zen Urdaneta Ikastetxea. «Erronka asko, handiak eta ilusionagarriak» ditu Ordiziako Eskola Publikoak.













