Gorka Izagirre eta Alex Aranburu Suitzako Itzulian berragertuko dira
Bihartik ekainaren 18ra jokatuko dute. Apirilaren 23an lehiatu ziren azkeneko aldiz. Frantziako Tourraren aurretik, azken itzuli esanguratsua da.
Movistar taldeak Suitzako Itzulira eraman ditu ekipoko bi goierritarrak, Gorka Izagirre ormaiztegiarra eta Alex Aranburu ezkiotarra. Bihar hasiko da 86. Suitzako Tourra, zortzi etapakoa, eta ekainaren 18an bukatuko da. Banakako bi erlojupeko jarri dituzte; Einsiedeln-eko biharko aitzinetapa (12,7 km) eta Saint Gallen–Abtwill azkeneko etapakoa (25,7 km). Mendiko lau etapa dituzte, bien bitartean.
Tradizionalki, Frantziako Tourrari begira azken prestakuntza indartsua izaten da Suitzako Itzulia. Movistar Teamek oraindik ez du uztailaren 1ean Bilbon hasiko den urteko karrera entzutetsuenerako taldea zehaztu, baina pista asko eman ditzake Suitzak. Bi goierritarrak hor egotea seinale garrantzitsua da. Gorka Izagirrek 10. partaidetza izango luke Frantziako Tourrean; Alex Aranburuk bigarrena (2021ean aritu zen).
Beste behin, taldeburu dortsalarekin Alex Aranburu irtengo da Suitzan. Lluis Mas, Gorka Izagirre, Ivan Garcia Cortina, Mathias Norsgaard, Oier Lazkano eta Gonzalo Serrano eraman ditu Suitzara. Aurtengo denboraldian geratzen diren bi itzuli handietarako (Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta), Enric Mas-en aldeko apustua egin du berriz ere Movistarrek. Dauphineko Criteriumean ari da hura.
Nola Aranburu, hala Izagirre, apirilaren 23tik lehiatu gabe daude. Hilabete eta erdi pasa igaro dute entrenamenduetan, fokuetatik aparte. Liege-Bastogne-Liege klasiko belgikarrean aritu ziren biak, orain hurrena. Denboraldi hasiera ez, baina apirileko egutegia berdin-berdina izan zuten Izagirrek eta Aranburuk. Miguel Indurain Sari Nagusia, Euskal Herriko Itzulia, Amstel Gold Race, Fleche Walonia eta Liege-Bastogne-Liege egin dituzte, batera.
Orain arte, Gorka Izagirrek 31 lehiaketa egun daramatza, eta 4.719 kilometro hanketan. Aranburuk, berriz, 27 egun eta 4.688 kilometro.