Javi Menta eta Maria Navascues izan dira irabazle Legorretako Korputsetako herri krosean
Inoizko partaidetzarik jendetsuena izan da lasterketan, 210 korrikalarirekin. Legorretar onenak, Aitor Zunzunegi eta Edurne Arakistain. Bero egin die.
Legorretako Korputsetako fetsa ari dira ospatzen, gaur. Ohitura zaharrari segika, 43. Herri Krosa jokatu dute, eguerdian. Haurren mailako lau lasterketa egin dituzte lehenengo, benjamin mailan (595 metro luze), alebin (1.090m), infantil (1.585m) eta kadete (2.080m) haurrentzat.
Ondoren, inoizko parte-hartzaile kopuru handiena batu da kros nagusirako: 210 lagunek eman dute izena. Pandemiagatik egin ezinik geratu ziren bi urteak aintzat hartuta, 45 urte badira Legorretan krosa egiten hasi zirenetik. Xabier Agirre aktoreak irabazi zuen lehenengo ekitaldi hura, eta Zeferino Zuntzunegi alkate izana ere garaileen zerrendan dago, Jesus Mari Arrizabalaga speaker-ak gogoratu duenez.
Lasterkariek, bero saparekin, 7,5 kilometroko zirkuitua osatu behar izan dute, kalean itzulinguruka. Gizonezkoetan Javi Menta izan da garailea. Iaz ere hark irabazi zuen. “Gogorra suertatu da krosa, bero egin du eta. Fuerte atera gara, eta fuerte bukatu dugu. Maila bazegoen. Lehenengo bostok batera egin dugu lasterketa, hasieratik”, azaldu du Mentak. Emakumeetan Maria Navascues nagusitu da.
Legorretarren arteko sailkapenean, lehenbizi helmugaratutakoak Aitor Zuntzunegi eta Edurne Arakistain izan dira, eta sari bana jaso dute horregatik. Zuntzunegi mendi lasterketetan bete-betean dabil, mundu mailan lehiatzen. Austriatik iritsi berria da, eta aurki Madeira irletara (Portugal) joango da. Nahiz eta bere distantzia eta espezialitatea ez izan, herriko krosean ez du huts egin nahi izan; ez da lehiatzera irten.
Herriko elkarteko bakoitzak bere bazkideen artean aurrena bukatu dutenak ere saritu ditu. Bilkoin, Aldapa Haundi, Jotakea eta Pikuk elkarteek parte hartu dute sariketa horretan.
Legorretarrak ezezik, kanpotik ere korrikalari mordoa inguratu da gaurko krosera. Zaharrena, Luis Mari Fernandez urretxuarra. Urrian beteko ditu 70 urte, eta Legorretako krosean parte hartu du, urteroko legez.
Argazkiak: Aimar Maiz