Urbitarte sagardotegiko bi sagardo saritu dituzte Gasteizen
Materia Prima lehiaketa gastronomikoan, Demetrio Terradillosek egindako 'Saarte' eta 'Jentilen lurra' balioetsi dituzte.
Gasteizen atzo banatu zituzten Materia Prima lehiaketa gastronomikoko sarietako bat Demetrio Terradillos sagardogile ataundarrarentzat izan da. Hain zuzen, Ataungo Urbitarte sagardotegian ekoizten dituen bi sagardo mota berezi balioetsi dizkiote: Saarte eta Jentilen lurra markakoak.
Josema Azpeitia kazetari gastronomiko legazpiarrak berri eman duenez, sagardotara “kontzeptu berria” ekarri zuen Terradillosek, aipaturiko bi edariekin. Saarte izenpean, 2006an hasi zen sagardo mota jakin bat ontzen: %70 errezilarekin eta bertako beste sagar klase mikatz batzuekin egina da. Ekoizteko modua ere ohiz kanpokoa du: sagarra ondo heldutakoa baina zuhaitzetik erori gabekoa behar da, eta azukre kopuru zehatz bat eduki behar du. Haritzezko barrikan sei hilabetez ontzen da, eta upel handiagoetara pasatzen da gero, beste urtebetean edukitzeko, botilaratu aurretik.
Jentilen lurra sagardoa, berriz, Narbarte gorria izeneko sagar klasearekin egiten du, bakar-bakarrik horrekin.