Dantzari txikiek alaitu dute igande goiza Urretxun
43. Dantzari Txiki eguna ospatu dute Urretxun gaurkoan eta txikiek dantza eta musikaz hartu dituzte gaur goizean kaleak, igande goiza alaituz.

Dantzari Txiki eguna ospatu da gaurkoan Urretxuko kaleetan zehar, 43. aldiz. 6 taldek hartu dute parte aurtengo edizioan, horien artean Urretxu-Zumarragako Irrintzi taldea, Legazpiko Korosti edota Beasaingo Aurtzaka Dantza Taldea. Urretxuko Lurra Dantza Taldea izan dute gaurkoan anfitrioi. 11:00etan elkartu dira talde guztiak Urretxuko Lourdesko Amaren Ikastolan eta ondoren hamaiketakoa egin dute oinak astintzen hasi aurretik indarrak hartzeko.
12:00etan abiatu dira dantzari txikiak Urretxuko kaleetan zehar. Bertan dantza desberdinak eskaini dizkiete ikusleei, hala nola, Zinta-dantza, Alpargata, Banangoa, Zuberoako makil-dantza, Axuri Beltza… beste hainbesteren artean. Behin goizeko ibilbidea eta ikuskizuna amaituta haurrak Urretxuko Lurra Dantza Taldeko haurrekin joan dira bazkaltzera, etxe zein elkarteetara.
Arratsaldean giro bikaina izango dute, dantza talde bakoitzak pare bat dantza eskainiko baitizkie beste taldeei zein bertaratzen diren ikusleei. 17:30etan Lizeoko atarian egingo dute emanaldi hau eta amaiera emateko Fandangoa eta Arin-arina dantzatuko dituzte dantzari txiki guztiek elkarrekin.