Frantziako Tourra, Santa Isabel egunaren aurka
Frantziako Tourra igandean pasako da Goierritik. Igandea uztailaren 2a da, Santa Isabel eguna. Zumarragarrek sekulako dilema dute: jaietako egun handiaz gozatu ala Tourra ikustera joan?
Santa Isabel egunak bi arerio izango ditu aurten: eguraldia eta Frantziako Tourra. Igandean euria egin dezakeela dirudi eta kuadrillek toldoak jarri beharko dituzte mahaietan. Ohiko arerioari, berria gehitu zaio aurten. 31 urte ondoren Tourra berriro Euskal Herritik abiatuko da eta Goierritik pasako da, gainera. Baina, kasualitatea, Santa Isabel egunean.
Euriak ez ditu sekula zumarragarrak kikildu eta horregatik ez diote Antiora joateari utziko. Baina Tourra… Igandekoa historikoa izango da: lasterketa etxe ondotik pasako da, hiru goierritarrek parte hartuko dute gainera… Zumarragarrek berebiziko dilema dute. Zer egingo ote dute? Antioko Ama bakarrik utziko al dute txirrindulariak ikustera joateko? Nori diote debozio handiagoa zumarragar txirrindularitza zaleek, Antioko Amari ala Vingegaard eta enparauei?
Karabana ikustera bai
Jose Luis Zaldua zumarragar petoa da: bere aita Soraiz auzoko Sagaspe baserrian jaio zen, umetatik urtero Santa Isabel eguna Antion ospatu du (soldadutzan egon zen urtean bakarrik kale egin zuen), urte luzetan Antioko Ama Birjina eraman zuen meza hasi aurreko prozesioan…
Baina bizikleta zalea ere bada. Erretiroa hartu zuenetik egunero ibiltzen da bizikletan. Herbehereetan erabiltzen dituzten gurpil txikiko bizikleta horietako bat zuen eta duela gutxi bizikleta elektrikoa erosi zuen. Tourra ikusi nahi du, noski. Baina Antioko jaiaz ere gozatu nahi du… «Ez dut sekula Tourra bertatik bertara ikusi eta ikusteko gogoa dut, baina Santa Isabel egunean Antion bazkaltzen dut urtero. Hori dela eta, lasterketa ez dut ikusiko. Baina, seguru aski, karabana ikustera joango naiz».
«Motxorro aldera joango naiz, bizikletan. Karabana pasatzen denean, etxera itzuli, dutxatu, arropa aldatu eta Antiora igoko naiz»
Jose Luis Zaldua
Ondo pentsatua du dagoeneko zer egingo duen. Izan ere, igandekoak plangintza zorrotza eskatzen du. «Motxorro aldera joango naiz, bizikletan. Karabana pasatzen denean, etxera itzuli, dutxatu, arropa aldatu eta Antiora igoko naiz. Eguraldi txarra egiten badu, ez naiz Tourra ikustera joango. Goizetik Antiora joango naiz».
Igandean Ama Birjinari kale egingo dio beharbada, baina pixka bat bakarrik. Orain arte horren fidela izan zaion zumarragarrari barkatuko al dio…
Zumarragatik Aztiriara joan-etorria
Juanjo Igartzabal Debak ere ez du ezpata dantza ikusteko asmorik, baina pisuzko arrazoi bat du: bere lehengusu Alex Aranburu Debak Tourrean parte hartuko du eta, gainera, txirrindulariak Deba familiaren baserritik gertu pasako dira. Debatarren baserria, Legorburu, Aztirian dago.
Movistar taldeak astelehenean konfirmatu zuen Aranburuk Tourrean parte hartuko duela eta Deba familiakoek sekulako poza hartu zuten, noski. «Familiako Whatsappean jasotako mezuaren bidez jakin nuen. Ez zegoen argi Tourrera eramango ote zuten eta urduri geunden. Poz handia hartu genuen, noski. Joan zen astean pankarta batzuk egin genituen, baserriaren ondoko zelai handi batean jartzeko, eta orain zentzu gehiago izango du pankarta horiek jartzeak».
«Tourra Aztirian ikusiko dut eta 16:00etarako Antion egotea espero dut»
Juanjo Igarzabal
Familiako gehienak Aztirian elkartuko dira igandean, Aranburu animatzeko. 20 lagun baino gehiago elkartzea espero dute. Izan ere, Debatarrak asko dira. «Bederatzi anai-arreba ziren. Egun, zortzi dira. Alexen ama, Rosi, ahizpa gazteena da. Aztirian, baserriaren ondoko txabola batean, elkartea dugu. Logelak eta guzti ditu. Bertan elkartzen gara. Elkartean Alexen argazkiak ditugu. Pankartak, berriz, osabak ganaduarentzat dituen pabiloietan egin genituen», azaldu du.
Igarzabalek bere lehengusuari animoak emateko gogo bizia du, baina Santa Isabel eguna ez ospatzeak pena ematen dio. «Lasterketa ordu txarrean pasatzen da Aztiriatik, bazkalorduan. Ez dakit nola ibiliko garen. Bizikletaz joango naiz Aztiriara eta 16:00etarako-edo Antion egotea espero dut. Etaparen amaiera Antion ikusiko dut. Ea ospatzeko zerbait dugun!».