Landare inbaditzaileen erauzketarekin amaitu da udalaren eta Aranzadiren arteko proiektua
Atzo egin zuten proiektuko bigarren eta azken jardunaldia. Adin guztietako hamar pertsona bildu ziren
Landare inbaditzaileen erauzketa egin zuten atzo Igartzako Monumentu Multzoko ibai eremuan. Bigarren jardunaldi honekin, Beasaingo Udalak amaitutzat jo du Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean antolatutako proiektua. Adin guztietako hamar pertsona bildu ziren landare inbaditzaileen erauzketara.
Atzoko jardunaldia ekitaldi pedagogiko batekin hasi zen. 17:00etan elkartu ziren parte-hartzaileak Antzizar kiroldegian eta Aranzadi elkartekoek landare inbaditzaileen inguruko azalpen batzuk eman zizkieten: zeintzuk diren landare horiek eta zein diren beraien arteko desberdintasunak. Aranzadiko adituek jakinarazi zutenez, kalterik eragiten ez duten landare inbaditzaileak egoteaz gain, badira bertako ingurumena eta ekosistema aldatzen dutenak ere. Azken horiek, orokorrean, kanpotik ekarritakoak izaten direla azpimarratu zuten.
Azalpenak entzun ostean, Igartza Monumentu Multzora joan ziren parte-hartzaileak eta landare inbaditzaileen eskuzko erauzketa egin zuten.
Proiektua amaitzeko, behin garbiketa eta erauzketak eginda, lehentasuneko eremuak zehaztu eta ibarbasoko espezieak landatuko dira erreka eta ibai ertzetan: hurritza, haltza edo lizarra, besteak beste. Landaketa gunea Aranzadiko langileek egingo dute 2023eko udazkenean.
Argazkiak: Beasaingo Udala