Mokela eta Tzulo taldeek jokatuko dute 40. Kuadrilarteko saskibaloi txapelketako finala
Ekainaren amaieran hasi zen txapelketa, eta bihar izango da irabazlea erabakitzeko final handia, 19:30ean. Iaz Ze Koino taldeak irabazi zuen txapelketa, finala Mokelari irabazita.
Mokela eta Tzulo taldeak iritsi dira 40. Kuadrilarteko Saskibaloi Txapelketaren finalera. Bi talde horien artean txapelketa nork irabazten duen bihar erabakiko da, 19:30ean Jose Migel Barandiaran plazan jokatuko duten final handian.
Ekainaren amaieran hasi zen txapelketa. 22 taldek eman zuten izena. Multzokako faseak eta final laurdenak jokatu ondoren, astelehenean lehenengo final erdia jokatu zuten Embiel eta Mokela taldeek, eta azken hori sailkatu zen. Atzo, berriz, Sanber eta Tzulok jokatu zuten bigarren final erdia, eta Tzulo izan zen nagusi.
Iaz, Ze Koinok irabazi zuen txapelketa, finalean Mokelari gailenduta. Mokela 2019an izan zen irabazlea, eta aurten beste aukera bat izango dute.