«Euskal Herrian jendea AEBetan baino lasaiago bizi da»
Aingeru de Luz (Bakersfield, AEB, 2004) Javier de Luz zumarragarraren semea da. Azken asteak Lazkaon eman ditu, euskara ikasten eta aitaren jaioterria ezagutzen.
Aita euskalduna duzu. Ama ere bai?
Ama Amerikako Estatu Batuetan (AEB) jaio zen, baina bere aita Sunbillakoa (Nafarroa) zen. Ia euskalduna naiz, beraz. Aitona artzain bezala lan egitera joan zen AEBetara. 30 urte eman zituen artzain lanean.
Zure aita pilotaria zen. Herriarteko txapelketa hainbat aldiz jokatu zuen Zumarragarekin eta afizionatu mailan oso lan ona egin zuen.
Pilotan jokatzera joan zen AEBetara, hain zuzen ere. Euskal komunitateak antolatzen duen Jaialdian, pilotan jokatzeaz gain, ama ezagutu zuen.
Zein harreman izan duzu Euskal Herriarekin?
Harreman estua izan dut beti, aitak bere jaioterria eta familia ezagutzea nahi baitzuen. Askotan etorri naiz Zumarragara, bertako familia eta lagunak ezagutzeko. Euskal Herrira bost bat aldiz etorri naizela uste dut. Lehen aldiz, umetan.
Zer diozu Euskal Herriaz? AEBen oso ezberdina al da?
Oso ezberdina da, baina asko gustatzen zait. Hemen jendea askoz ere lasaiago bizi da, eta pozik. Lagunekin ateratzea, kuadrilla, asko gustatzen zait.
Zer ari zara ikasten?
Suhiltzaile izateko ikasten ari naiz.
Aita eta osaba bezala, kirolean trebea zara beraz.
Bai. Futbolean eta pilotan jokatzen dut. Han ez da erraza pilotan jokatzea, baina ahal dudan guztietan jokatzen dut. Asko gustatzen zait.
Non jokatzen duzu?
Ni bizi naizen tokian hiru pilotaleku daude: Chinon trinketeko pilotalekua dago eta Bakersfielden eta San Franciscon ezker paretakoa. Hiru pilotalekuetan jokatzen dut.
Aitak irakatsi al zizun pilotan jokatzen?
Bai. Umetan asko jokatzen nuen berarekin eta hona etortzen nintzenean hemengo haurrekin jokatzen nuen.
«AEBn ez da erraza pilotan jokatzea, baina ahal dudan guztietan jokatzen dut»
Aurrean ala atzean jokatzen al duzu?
Aurrean jokatzen dut. Anaiarekin jokatzen dut, bera atzelaria baita. Aita ere atzelaria zen.
ETBko pilota partidak ikusten al dituzu?
Bai, askotan. Astebururo. Asteburutan familia osoa etxean elkartzen gara bazkaltzera eta pilota ikusten dugu. Nire pilotari kuttuna Altuna da.
Zenbat anai-arreba dituzu?
Lau anaia-arreba gara. Bi mutil eta bi neska. Zaharrena Asier da. 21 urte ditu. Olaiak 13 urte ditu eta Haizeak 11.
Euskal Etxera joateko ohitura al duzue?
Bai. Bertan, asteburuetan, pilotan, dantzan, musean jokatzen… ikasteko aukera dago. Asko gustatzen zait. Bakersfielden, Chinon eta San Franciscon Euskal Etxeak daude.
Oraingoan Ateak Ireki programaren eskutik etorri zara Euskal Herrira, beste 36 gazterekin batera.
Ekainaren 25ean heldu ginen eta uztailaren 16an joango gara (igandean joan ziren). Lazkaoko familia baten etxean nago, oso gustura. Gauza asko ari gara egiten: hondartzara, museoetara… joan gara. Horretaz gain, euskara ikasten ari gara. Apur bat ulertzen dut, baina lehenengoz ari naiz euskara ikasten.
Zumarragan ere egon zara, aitona-amonekin.
Hala da. Jaiez ere gozatu dut. Aurtengo jaietan ez naiz aitaren kuadrillakoekin atera, osabaren kuadrillakoekin baizik. Santa Isabel egunean goiz jaiki ginen eta oinez igo ginen Antiora. Osabaren kuadrillakoek mahaia dute eta beraiekin bazkaldu nuen. Primeran pasa genuen.