Munduko txapelketa irabazi du Irene Paredes legazpiarrak Espainiako selekzioarekin
Ingalaterrari 1-0ko emaitzarekin irabazi dion hamaikakoan jokatu du Legazpiko atzelariak, 4 zenbakiarekin. Duela aste gutxi hil den aitari eskaini dio titulua.
“Lortu dugu, eta erakutsi dugu zer egiteko gai garen. Hau hasiera besterik ez da” zioen Irene Paredes legazpiarrak Espainiako selekzioarekin munduko futbol txapelketa irabazi berritan komunikabideei egindako adierazpenetan. Ohi bezala, 4 zenbakiarekin jokatu du atzelari gisa hamaikakoan. Ingalaterra zuten aurkari, eta 1-0 irabazi diote, Olga Carmonaren golari esker.
Paredesek finaleko partida osoa jokatu du, Zeelanda Berrian eta Australian egin den txapelketako partida guztietan bezala.
Jokalari legazpiarrak jokatu duen munduko hirugarren txapelketa izan da Espainiaren selekzioaren garraipenarekin gaur amaitu dena. Canadakoa izan zen lehena, 2015ean, eta “orduan oso urruti ikusten nuen titulua, baina gure kalitatea ikusita, posible zela ere pentsatzen nuen”, gogoratu du. Eta bi txapelketa geroago lortu dute.
Duela gutxi hil den Juan Carlos aitari eskaini dio garaipena.