Florentino Goibururen omenezko bertso paper lehiaketa antolatu dute Idiazabalen
Idiazabalgo Bertso Taldeak Florentino Goiburu bertsolari idiazabaldarra oroitzeko lehenengo bertso paper lehiaketa jarri du martxan. Herriko bertsozaletasuna sustatzeko helburua dute. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 12an amaituko da.
Idiazabalen bertsolaritza sustatzeko helburuarekin, herriko bertsolari maitatu baten (Florentino Goiburu) omenezko bertso paper lehiaketa antolatzen hasi da herriko bertso taldea.
Bi mailatan bereizi dute lehiaketa, eta horren arabera, baita lanaren luzera ere.
A kategoria:
- 2008 eta 2011 urteen artean jaiotakoak (biak barne)
- 4 bertso.
B kategoria:
- 2007ean edo lehenago jaiotakoak
- 6 bertso.
Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izango dute, euskaraz idatziak izan beharko dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Ezinbestekoa da bertsoen doinua zehaztea.
Bi mailetan, hiruna sari banatuko dituzte: 1 eta 2. sariak eta herritarren saria.
Lanak jasotzeko azken eguna 2024ko urtarrilaren 12a izango da.
Lanaren kopia bat liburutegian aurkeztuko da gutun-azal itxi baten barruan. Gutun-azalaren kanpoko aldean, honako testu hau idatzi behar da:
– Florentino Goiburu Bertsopaper lehiaketa
– Kategoria (dagokion kategoria adierazi)
– Lanaren izenburua: (bertsopaperaren izenburua adierazi)
Lehiaketara aurkezten diren lanak Bertso Taldeak gordeko ditu eta webgune batean edo paperean argitaratzeko eskubidea izango du. Beti ere salneurririk gabe.
Saria banaketa ekitaldia San Blas jaietan egingo da.