Kontrataziorako diru laguntzak kaleratu ditu Urola Garaiko Mankomunitateak
Kontratu mugagabeak izan beharko dira, eta ikuskizun publikoetako artisten eta teknikarien eta laguntzaileen kasuan, iraupen mugatukoak. Enpresako bi laguntza banatuko dituzte gehienez. Partida osoa 33.600 eurokoa da.
Urola Garaiko Mankomunitateak langileen kontrataziorako diru laguntzak kaleratu ditu, eta hilaren 22an amaituko da eskaerak egiteko epea. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako enplegua sustatzeko tokiko ekintzen esparruan kokatzen dira diru laguntza horiek, eta 33.600 eurokoak izango dira guztira.
Diru laguntzek kontratu mugagabeak edo ikuskizun publikoetako artisten eta teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuak hartzen dituzte bere baitan, lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak, lanaldiaren % 50arekin gutxienez. Diruz lagundu daitezkeen kontratu mugagabeen hasiera data 2023ko urtarrilaren 1a eta 2023ko uztailaren 31 bitartekoa izan beharko da. Ikuskizun publikoetako artisten eta teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuen kasuan, hasiera data 2023ko urtarrilaren 1a eta 2023ko abenduaren 31 bitartekoa izan beharko da.
Enpresako bi kontratazio lagunduko dira
Enpresa bakoitzak gehienez bi kontrataziotarako diru laguntza eskatu dezake, eta laguntza horiek lehiaketa bidez emango dituzte, balorazio irizpide batzuk aplikatuz, 33.600 euroko aurrekontua agortu arte. Ez dute diruz lagunduko enpresa batek langile bat berriz kontratatzea, langile hori kontratatzeagatik beste deialdietan laguntza jaso badu. Gainera, diru laguntza kobratzeko, kontratazioek enplegu sorrera garbia ekarri behar dute, langileak kontratatu baino sei hilabeteetan enpresan zegoen pertsonalaren batez bestekoarekiko.
Eskaerak egiteko azken eguna hilaren 22a da, eta horretarako Legazpiko Patrizio Etxeberria kalean, 3 zenbakian dauden Mankomunitateko eta Uggasako bulegoetara jo behar da. Informazio gehiago 943 725642 telefonora deituta edo mankomunitatea@urolagaraia.eus helbide elektronikora idatzita eskatu daiteke.