Urretxuko John Lennon eta Yoko Ono
Victor Hernandez eta Alazne Esteban senar-emazte urretxuarrak 17 eta 15 urte zituztenean hasi ziren elkarrekin, duela 50 urte. Ordutik, sormenarekin lotutako hainbat egitasmo jarri dituzte abian.
Urretxuk artista handiak eman ditu. Horien artean daude Victor Hernandez eta Alazne Esteban. Urretxuko John Lennon eta Yoko Ono, Eduardo Txillida eta Pilar Belzunze edo Jorge Oteiza eta Itziar Carreño. 17 eta 15 zituztenean elkartu ziren eta ordutik hamaika egitasmo partekatu dituzte. Beraien etxea museo txiki bat da.
Hernandez Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen, 1956an. 8 urte zituenean, bere aita Urretxuko Madaya fabrikara etorri zen lan egitera. Lanbide Heziketa ikasi zuen La Sallen, baina ez zuen fabrika batean lan egiteko gogorik. “Izpiritu errebeldea nuen nonbait, eta Donostiako argitaletxe batean lana aurkitu nuen. Komikiak argitaratzen zituen. Planetaren filial bat zen eta Pala zuen izena. Ipurbeltzeko sortzailea izan zen Jesus Lucas nire nagusia zen. Amerikako komikien argazkiak bidaltzen zizkiguten eta guk marrazkiak orraztu egiten genituen eta testuak gaztelerara itzuli. Hiru urte eman nituen bertan. Itxi zenean, Bartzelonara joatea eskaini ziguten. Baina soldadutzara joan beharra nuen. Gainera, lana polita zen, baina ez zuten ondo ordaintzen”.
Soldadutzatik itzuli zenean, Elgoibarko osaba batek [Jose Antonio Estibariz, Uxue Alberdi idazlearen aitona] lana lortu zion. “Margolari errotulatzailea zen eta berak hartu ezin zuen lan bat pasa zidan: Bergarako udaletxeko aretoa zaharberritzea. Urretxukoaren zaharberritzean ere parte hartu nuen”.
Autobusetako iragarkiak
Ondoren, Bilboko publizitate agentzia batek autobusetako iragarkiak margotzeko margolariak behar zituela jakin zuen. Ordurako Alaznerekin zebilen eta Bilbora joan ziren. “Urte batzuk eman genituen autobusetako iragarkiak margotzen”.
Garai hartan beste hainbat lan ere egin zituen. Vicente Lasarentzat eta Arturorentzat egongeletako beirateetarako marrazkiak egin zituen: armarriak, Iparragirre, dantzariak… Eta Nemesio Armenterosen inprimategiarentzat lan egin zuen. “Bere bezeroentzako logotipoak egiten nituen, adibidez. Garai hartan, dena eskuz egin behar zen”.
Alazneren ama hil zenean, Urretxura itzuli ziren. “Osaba hil egin zen eta bere bezeroak hartu nituen. Horretaz gain, herrian hainbat lan egiten nituen. Jose Mari Lasak Kaixo aldizkarian kolaboratzea eskaini zidan eta azalak marrazten nituen. Baita artikuluetarako marrazkiak ere. Horretaz gain, Alaznek eta biok Kaskazuri eta Txilipurdi liburua egin genuen. Nik marrazkiak egin nituen eta Alaznek ipuina idatzi zuen. Pello Akizuk euskarara itzuli zuen. Udalak argitaratu zuen. Jaietako egitarauko azala ere hainbat urtetan egin nuen. Herriaren panoramika bat ere margotu nuen, udalarentzat”.
Ordenagailuak heldu zirenean, ordenagailua erabiltzen ikasi behar zuen eta EuskoRot enpresan lan egiten hasi zen. EuskoRot utzi zuenean, berriro bere kasa hasi zen. “Gauza ezberdinak egitea erabaki nuen. Harriarekin, egurrarekin, poliesterrarekin… erliebedun lanak egin nituen. Malkor eta Aldapa tabernetako eta Doña Maximina, Marisa Iturbe eta Kuttun dendetako letreroak egin nituen, besteak beste. Oximekeko Santi Sasietarekin lankidetzan, burdinazko lanak egin nituen”.
Udalarentzat hainbat lan egin zituzten: Aparizio auzoko etxeetako murala, gomazko etxea apaindu zuten, herrira ongi etorria ematen zuten ortzadarrak (Matxinportakoa oraindik zutik dago), Juan de Lizarazu aretoaren kanpoaldeko eskultura… “Aparizioko murala herriko langabetuekin egin genuen”.
Horretaz gain, Victorrek eta Alaznek udalei kaleetan plaka bereziak jartzea eskaini zieten. “Castro Urdiales, Segura eta Urretxukoak egin genituen, besteak beste”.
Nestor Basterretxearekin
Hernandezek Nestor Basterretxearekin ere lan egin zuen: Basterretxeak 1990eko hamarkada hasieran munduari bira eman zion Gipuzkoa belaontziaren 150 metro koadroko belaren diseinua egin zuen eta urretxuarra margotzeaz arduratu zen.
Halako batean, Irizar enpresaren deia jaso zuen. Hala, Irizarren autobusetako irudiak diseinatzen lan egin zuen, erretiratu zen arte.
Hippy samarrak izan zirela dirudi, baina Victorrek ezetz dio. “Ez ginen hippyak. Bizitza arrunta generaman. Baina gazteak ginenean egoera ekonomikoa txarra zen eta ekimena behar zen. Egoerak eraman gintuen horrela bizitzera. Dena den, egia da ez nuela fabrika batean lan egin nahi. Ikasketak bukatu bezain laster lan bila hasi nintzen. Aitak inguruko inprenta guztietara eraman ninduen eta iragarki guztiei erantzun nien, Donostiako argitaletxe hartan lana eman zidaten arte”.
Izan ere, marrazten abila zen. “Ondo marrazten nuen eta hortik jo nahi nuen. Mutikotan marrazki lehiaketa bat irabazi zuen. Alaznek ere lehen saria lortu zuen, bere mailan! Sari banaketakoa da elkarrekin atera ziguten lehen argazkia. Oraindik ez ginen bikote”. Handik gutxira elkartu ziren. 50 urte daramatzate elkarrekin, elkarlanean.