«San Migel elizako harrien artean berezi sentitzen naiz»
Herriko ondarea ezagutarazteko helburuarekin, artea aukeratu du Burdinola elkarteak San Migel baselizaren altxorrak agerian jartzeko. Mari Carmen Ibañezen (Legazpi, 1949) margoez bete du eliza. Pintura erakusketa igandera arte egongo da ikusgai. Astegunetan 16:00etatik 18:00etara dago zabalik, eta larunbatean eta igandean 11:30etik 13:30era.

Berezia al da zuretzat San Migelen erakustea?
Bai, eta ez. Aurreko erakusketa ere han egin nuen, duela 11 urte. Han oso gustura aurkitzen naiz. Harria, austeritatea, giroa… Kanpoan bero egiten badu ez duzu berorik, hotz egiten badu ez duzu hotzik. Harri horien artean berezi sentitzen naiz, magia transmititzen dute.
Erdigunetik urruti dago. Joaten al da jendea?
Bai, aurrekoan joan zen, eta honetan ere, lehen asteburuan, jendea ibili da. Dena dela, ulertzen dut oso toki irisgarrian ez dagoela, eta batzuk ezin joanda geratuko direla. Horregatik, erakusketa hori bera aurrerago Gizarte Zentrora ekartzea proposatu nien Buztintegi elkartekoei, eta baiezkoa eman didate. Oraindik ez dugu erabaki noiz.
Zer jarri duzu ikusgai?
Azken urteetan margotutako koadroak, batzuk azken urtekoak. Tamaina handikoak dira, eta lekuak mugatu dit kopurua, aurretik dagoen azpiegitura erabili nahi nuelako bakarrik, ez nuen iltzerik sartu nahi paretetan koadroak eskegitzeko. Beraz, paretan eskegitakoak, aldarearen kontra lurrean jarritakoa eta bi astoen gainekoak zenbatuta, 12 lan dira guztira. Olioz egindakoak dira denak.
Ba al dute gairik komunean?
Nire azken lanetan pagoak margotzen ditut batez ere, baina erakusketa honetan haritz bat ere jarri dut, hortentsia batzuk ere bai, eta aldare azpiko koadro handikoa eguzki sarrera bat da, besteak baina alaiagoa.
Noiz hasi zinen margotzen?
Nik uste dut idazten ikasi baino lehen hasi nintzela, haur eskolan, Toñita eta Martina irakasleekin. Haurra nintzela nire kasa ibili nintzen. Paper handian margotzea gustatzen zitzaidan, Serenaren dendara joaten nintzen biltzeko paper zuria erostera, biribilkikoa, eta margoak Donostian erosten zizkidan amak. Garai hartan parrokiak antolatutako lehiaketa bat irabazi nuen. Baina gero, margotzen ibiltzen ginen batzuk elkartu, eta gela bat prestatu genuen parrokiko sotoan, eta Felix Baqueriza ekarri genuen klaseak emateko. Baina ezkondu nintzenean, eskola haiek utzi egin nituen. Hala ere, margotzen jarraitu nuen, etxeko ganbaran jarritako txoko batean.
«Nik uste dut idazten ikasi baino lehen hasi nintzela, haur eskolan, Toñita eta Martina irakasleekin»
Halako batean, erakusten ere hasi zinen.
Bai, Kultur Etxea egin zutenean, han hasi ziren klaseak ematen, eta irakasle batek utzi zuenean haren lekua hartzea eskaini zidaten. Ez diot inoiz beldurrik izan margotzeari, eta baietz esan nuen. 27 urte egin nituen horrela, azkenak Arkatza elkartearen barruan, haurrei eta helduei. Nik margotzen jarraitu nuen bitartean, eta erakusketa batean edo bestean parte hartu nuen. Madrilen ere izan ginen, hango galeria batean erakusten, Apaolaza, Txakel Urarte, Esther Agirre, Joxe Andueza…
Baina orain Gizarte Zentroan ari zara irakasle lanetan.
Bai, Arkatzarekin 60 urte nituela utzi nituen eskolak, aita hiltzear zela, eta etxean geratu nintzen, margotzen. Baina senarra hil eta gutxira, Buztintegirengana hurbildu nintzen, boluntario lanak egiteko. Pintura klaseak emateko eskaini nuen neure burua, eta 2014ko maiatzean hasi nintzen. Talde polita osatu genuen, eta oraindik jarraitzen dut bertan. Ikasturte honetan 13 ikasle izan ditut, eta oraingo erakusketarako asko lagundu didate. Oso pozik eta zoriontsu nago!
Margotzen jarraitzen duzu?
Bai, eta ahal dudan arte jarraituko dut.