San Adriango igarobidean neandertalek utzitako aztarnak ezagutzeko txangoa igandean
Aldaola aparkalekua izango da abiapuntua. Anduetza parketxean eman behar da izena parte hartzeko. Anduetzan, bestalde, Zuhaitzekin hizketan jarduera eskaintzen da larunbat, igande eta jaiegunetan.
Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, txango berezia egingo dute igandean Zegama inguruan, San Adriango edo Leizarrateko igarobidean neandertalek utzitako arrastoak ezagutzera emateko. Txango gidatua izango da, eta bi ordutegi izango ditu: 10:00etan euskaraz, eta 12:00etan gazteleraz. Abiapuntua Aldaola aparkalekua izango da, Otzaurtetik bost kilometrora dagoena.
Txangoan, igarobidearen historia azalduko dute gidariek, eta besteak beste, historiaurreko gizakiaren aztarnak erakutsiko dituzte, neandertalenenak barne. Inguru horretan gaurdaino han egin diren indusketa arkeologikoek, historiaurrean gune garrantzitsua izan zela erakutsi dute. Neandertalen garaitik hasita, 12.000 urteko aztarnak (zeramika zatiak, hezurrak…) aurkitu dituzte eta Brontze Garaia ere oso oparoa izan zen. Erdi Aroko aztarnak ere aurkitu dituzte, eta garai hartako gotorlekuaren berri ere emango dute, eta kontrabandisten kondairak ere kontatuko dituzte.
Txangoan parte hartzeko izena eman behar da aurretik Anduetza parketxean: 943 80 21 87 edo 688 62 36 09 telefono zenbakietan, edo anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita. Prezioa 6 eurokoa da, eta 4 eurokoa 3 eta 12 urteko haurrentzat.
Anduetzan, zuhaitzekin hizketan
Andueta parketxean beste jarduera bat ere eskaintzen da abuztuko larunbat, igande eta jaiegunetarako, Zuhaitzekin hizketan izenekoa. Inguruko basoetan bizi diren eta gertuen dauden arbolak identifikatzen ikasiko dute bertan partaideek, haien istorio harrigarriak entzuten dituzten bitartean.
Jarduera familiei zuzenduta dago, eta Zegamako Arboretumeko zuhaitzen artean paseo bat ematen den bitartean gauzatzen da. Zuhaitz batzuen bitxikeriak, istorioak, balore naturalak eta kulturalak ezagutarazi nahi dituzte; eta, bide batez, etxeko txikienak ingurune naturalera hurbildu. Anduetza parketxean dagoen egur bilduma eta xiloteka ezagutzeko aukera bikaina da, gainera.
Izena eman behar da, Anduetzan bertan.