Herri kirolekin eta bertsoekin hasi dute jaietako bigarren eguna Zegaman
Giro eta eguraldi ederrarekin ari dira ospatzen San Bartolomeak zegamarrek. Atzo goizaldera arte luzatu zen mozorro eguna, baina kirolerako tartea ere izan zen, eta besteak beste, bolatan aritu ziren herritarrak.
Bigarren jai egunari ekin diote Zegaman gaur, eta herri kirol jaialdi batekin eta punta-puntako bertso saioarekin hasi dira atzoko parrandaren ondoren berriz ere festa giroan murgiltzen, goizean trikitilariek goizesesia egin eta gero. Udaletxe aurreko plazan aizkoran eta harriak jasotzen jardun dute hainbat kirolarik, tartean lau zegamarrek, eta ondoren, bertsoak etorri dira.
Herri kirol jaialdian, Elene eta Udane Ostolaza ahizpak izan dira tamaina, pisu eta forma askotako harriak jasotzen. Aizkoran, hiru saio izan dira. Batetik, Joseba Arakama herritarra eta Ugaitz Mugerza mutrikuarra, Xabier Dorronsoro zeraindarraren eta Jon Rekondo nafarraren aurka aritu dira, eta lehen bikoak irabazi du neurketa. Ondoren, aita Jose Mari ondo-ondoan zutela, Eneko eta Aratz Esnaola anaia zegamarrek elkarren kontra egin dute, eta Aratzek irabazi du. Azkenik, Esnaola aitak zutik moztu du enborra, erakustaldi bikaina eginez. Bero egiten zuen plazan, baina hala ere publiko ugari elkartu da jaialdia ikustera.
Bertso saioa izan da ondoren, eta horrek ere jende asko erakarri du udaletxe azpiko aterpera. Bertsolariak Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Eneko Araiztegi eta June Aiestaran ziren. 18:00etan egingo dute bigarren saioa.
Ekitaldi gehiago ere izango dira arratsaldean, eta haurrei zuzenduta egongo diren puzgarriak eta erraldoien eta buruhandien kalejira nabarmendu behar dira. Helduagoentzat cava dastateka izango da eskolako patioan, herri afariaren baitan. Musika, azkenik, Bide Batez taldeak jarriko du, 23:00etan hasiko den erromerian.
San Bartolome jaiak astelehen gauera arte luzatuko dira. Bihar goizean jaietako ekitaldi hunkigarrienetako bat izango da. 2023ko San Bartolome egunetik 2024ko abuztuaren 24ra bitartean jaio diren haurrei ongi- etorria egingo zaielako,
Bola elkarte berria
Aurtengo jai hauetan bada nabarmentzeko beste ekitaldi bat, kirolen atalean gainera: bola txapelketa. Sortu berria da Zegaman Belatxingak bola elkartea, eta udalaren laguntzarekin antolatuta, atzo arratsaldean herritarrentzako bola txapelketa egin zen Txarapeko bolatokian. Gizonezkoetan Iker Alzelaik irabazi zuen, emakumezkoetan Alina Dumitruk, eta gazteetan, Orhik Alzelaik.
Hurrengo asteburuan, jaien bigarren txandan, izango da bola joko gehiago Belatxingak elkartearen eskutik. Igandean, 10.30ean hasita, probintzia mailako txapelketa jokatuko da Txarapen, eta izen-ematea 11:30era arte egin ahal izango da.